Javier Perez Royo. Konstituzio Zuzenbideko katedraduna

«Konstituzioa ez moldatzeko pentsatuta dago »

1978ko sistema politikoak «joko demokratiko nahiko zabala» eman arren, Perez Royok uste du Espainiako Estatuak «matxuratutako demokrazia parlamentarioa» duela.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko abuztuak 25
Ibilbide luzea du irakaskuntzan, baina azken hilabeteak jardun handikoak izan dira Javier Perez Royorentzat (Sevilla, Espainia, 1944), hedabide ugaritan idazten baitu. Ekain amaieran, Gernika-Lumon (Bizkaia) izan zen, Euskal Herriko Unibertsitateak Gernika Gogoratuz elkartearekin batera antolatutako udako ikastaro batean.

Zein dira 78ko erregimen esaten zaionaren ezaugarri nagusiak?

Nik ez dut uste 78ko erregimen bat dagoenik. Sistema politiko bat dago, 1978ko prozesuan eratua, eta sistema politiko horrek joko demokratiko nahiko zabala eman du. Sistema politiko bat da, hasieratik zenbait gabezia demokratiko esanguratsu dituena. Sorrerako akats bat du, sistema politikoaren elementu zentralak konstituzioaren eta demokraziaren aurretik definitu baitituzte; esaterako, monarkia. Monarkiaren berrezartze betean gaude, eta prozesu horren xedea zen ziurtatzea berrezarpen monarkiko horrek arrakasta zuela. Prozesu konstituziogilea egin zenean, esaten zen hori ukiezina zela. Bestetik, herri subiranotasuna adierazten duen organoa —Espainiako Gorteak, alegia— 1976ko Erreforma Politikorako Legearen arabera eratu zen; beraz, formalki konstituzionala da, baina materialki aurrekonstituzionala. Berdintasun printzipioa kontuz desbideratuta dago Diputatuen Kongresuan, eskuineko alderdiei mesede egiteko ezkerrekoei baino gehiago, eta handiei txikiei baino gehiago. Senatuan, ukatu egiten da berdintasun printzipioa.

Hori guztia da Espainiako Konstituzioa erreformatzeko zailtasun nagusia; zilegitasun demokratikoaren printzipioa kaiola batean duzunean, ez da gai erreproduzitzeko.

Garai eratzaile batean gaude?

De facto, konstituzioa ia indargabetuta egon da azken bi legealdietan. Kataluniakoaz eta 155.az harago, PPk ez du gobernu jardunik izan 2015. urtean gehiengo absolutua galdu zuenetik; gainera, betoa ezarri die oposizioko taldeen ekinbideei. Horrenbestez, parlamentuak ez du jardun legegilerik izan; gobernu jardunik gabe, haren kontrolik ere ez da egon; kontrol saioak anekdota hutsa izan dira. Beraz, matxuratutako demokrazia parlamentario batean gaude. Formalki existitzen da, baina ezer ez da gertatzen konstituzioak dioen bezala. Ikusiko dugu zer egiten duen Pedro Sanchezen gobernuak; trantsizioaren hasieratik egiteko dauden gauza batzuk konpon daitezke, baina ahalmen oso mugatua du.

Bipartidismoak eutsi egiten dio, besteak beste hauteskunde sistemak mesede egiten dielako. Horregatik, hauteskunde legearen erreforma oso garrantzitsua da, joko garbia bermatzeko.

Idatzi izan duzu erreforma konstituzionala ez dela bideragarria.

Erreforma hori egin behar duen organoa erreforma hori ez egiteko pentsatuta dago. Hori da arazoa. Konstituzio hau ez moldatzeko pentsatuta dago. Espainiako hainbat hauteskunde barrutitan ez litzateke beharrezkoa hauteskundeak egitea ere, botoa eman aurretik ia jakina delako nork izango dituen bi edo bat.

Bestalde, nazionalismoaren arazoa dugu, Espainiako konstituzio materialaren parte garrantzitsu bat delako eta aldiro-aldiro hura kanporatzeko saioak daudelako. Eta hura gabe, Espainiako Estatuak ezin du funtzionatu modu egonkor batean. 2015etik, Kataluniako nazionalismoa kanporatu egin dute, baina nazionalismo katalanik gabe ez dago gobernabidea bermatzeko modurik. Hura gabe, zentsura mozioak ez zukeen aurrera egingo. Blokeatuta dugu sistema politikoa, eta erreformak behar dira desblokeatzeko. Baina erreforma horiek gauzatzeko ardura duen organoa ez dago hori egiteko moduan.

Esan duzu Kataluniako nazionalismoa ezinbestekoa dela Espainiaren gobernabidea bermatzeko, baina, aldi berean, ikusi da ez duela hura gainditzeko adina indar.

Ez du indarrik bere posizioak inposatzeko, baina bai, ordea, Espainia gobernaezin egiteko. Tentsio, geldialdi edo paralisi horretan gaude. Hauteskunde ziklo basati batean sartuko gara, eta ikusiko dugu zer atertzen den hortik; ea Espainiako gizartea gai den bere buruaren sintesi politiko bat egiteko bere burua gobernatzeko. 2015 geroztik ez dugu lortu; harrezkero, Espainia ez da ari lortzen autogobernatzea ahalbidetuko duen sintesi bat egitea.

Gauden honetan, kortse bipartidista zatitu egin da, eta boto ihesa gertatu da, jendeak babes portutzat topatu baititu Podemos eta Ciudadanos.

Fragmentazio horrek ziklo politikoa aldatuko dela iragar lezake?

Nola geratuko da alderdi sistema? Orain ez dugu alderdi sistemarik; izan ditugu bi alderdi, eta ereduak funtzionatu du; jendeak topo egin du bertan, erakarpen polo handiak izan dira eta arazo ugari konpondu dituzte. Gaur egun, bi polo horiek ez dira existitzen, eta desordena dago. Orain, alderdiak ditugu, baina alderdi sistemarik ez.

Gauza bera gertatzen ari da Katalunian; aniztasuna hain da handia, gobernu faltsu bat baitago. Eta Katalunian gertatzen dena Espainian gertatzen da gero. Kataluniako desordena politikoak Espainiako desordena iragartzen du.

Erabakitzeko eskubideak edota autoderminazio eskubideak badute lekurik egungo konstituzioan, orain arte egin izan duten interpretazioaz harago?

Akordio politikoa baldin badago, bai, eta ez badago, ez. Ez da arazo juridiko bat; absurdoa da arazo hori juridikoki planteatzea. Ikusteko dago nola irtengo den egungo egoeratik. Ez daukagu formula juridiko ordenaturik oraingo egoeratik irteteko. Asmatu egin beharko da bat, baina noizbait lortu beharko da akordio politiko bat. Zuzenbidea gero etorriko da, akordio politikoari forma juridikoa emateko. Orain formula juridiko bat aurkezten duenak erre egingo du formula hori; horregatik, orain alderdiek ez dute formularik aurkeztu behar, fede onez eseri eta eztabaidatu baizik.

Baina adi; gauzak ez badira konpontzen, baliteke eztanda egitea. Hori gertatu zitzaion Lehen Berrezarkuntzari; XX. mende hasieratik hitz egin zen konstituzioa erreformatzeaz, baina ez zen gertatu, eta, udal hauteskunde batzuen biharamunean, Espainia monarkikoa errepublika bat zen. Gauza horiek gerta daitezke. Sistema politikoak funtziona dezan, jendeak gutxienez pixka bat sinetsi behar du sisteman.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna