martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Magistratuen gaztaroaren gaitza

2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Ematen du, itxuraz behintzat, bukatzear dagoela Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren inguruan azken urtean sortu den kalapita. Osatu dute, progresistek gehiengoa edukiko dute eta aukeratu dute lehendakaria: Candido Conde-Pumpido. Ezaguna da gure herriko esparru juridikoan, Donostiako Auzitegian lanean jardundakoa baita. Paleta juridiko zabala dauka Conde-Pumpidok; Donostian zela, guardia zibil bat zigortu zuen torturengatik, eta Ballesteros komisarioa Hendayais edaritegian 1980an atentatua egin zutenak babesteagatik. Gero, Espainiako Gorenak absolbitu egin zuen komisarioa kexu handiak sortu zituen sententzian.

Gaztetan Euskal Herrian 80ko hamarkadan lan egin zuten hainbat magistratu eta fiskal progresistarekin jazo legez (Juan Alberto Belloch, Luis Navajas...), karrera judizialean gora egin ahala aldatuz joan zen Conde-Pumpido euskal auzia ikusteko modua, ezinbesteko baldintza baitzen goi karguetara iristeko gaztaroaren gaitza esaten zaiona bazterrean uztea.

Giza eskubideen alde modu trinkoan lan egiten hasitako magistratuak Herri Batasuna legez kanpo uztea bultzatu zuen, bere jardunari itzuli handia emanez. Aldaketa zuritzeko esaldi gogoangarriak erabili zituen: «Minbizia erauzi dugu, gaixoari min eman gabe... mundu hori bakera zuzendu dugu, eta ez bortxakeriara».

Asteazkeneko bozketa irabazi etaberehala, esker hitzekin batera beste harribitxi bat bota zuen, Espainia independentziazaleek ez baino Konstituzionaleko magistratuek hautsiko duten izua zabaltzeko lanean ari direnak lasai daitezen:«Konstituzioak ez ditu onartzen, ez sezesioa, ez independentzia, ez autodeterminazioa».

Pozik geratuko zen Conde-Pumpido horrelako baieztapen trinkoa eginda. Erraza zeukan. Zer esango du, ordea, gu hiruron herrialde bateko herritarren bi herenek independentzia nahi dutela adierazten badute hauteskunde batzuetan? Urruti dago aukera hori, baina ez da ezinezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.