Aukera berriak, batzeko jarriak

Etxeak txikiak izateak mahai bueltan nahi baino pertsona gutxiago elkartzea ere badakar. Lokalak bilakatu dira arazo horren konponbide. Ez dute elkarte tradizionalen inolako antzik.

Ospakizunetarako alternatiba bihurtu dira txokoak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Etxebizitzetatik ez dira soilik toki gehiegi hartzen duten trasteak ateratzen; bertan bizi diren pertsonek ere irten behar izaten dute familian edo lagunartean bildu nahi dutenean. «Ospakizunetarako familian batzea asko gustatu izan zaigu beti, eta etxeak txiki gelditzen ari zitzaizkigun». Garbiñe Angoitiaren hitzak dira. Bilboko San Ignazio auzoko Zugar lokalaren jabeetako bat da. Modak joan eta etorri egiten diren gisara, txokoen kultura berriro indarra hartzen ari dela dirudi. Egungo lokalek, baina, ez dute antz handirik txoko tradizionalekin. Eremu haiek gizonentzat bakarrik izaten ziren, eta egun familia bazkariak edota ospakizunak egiteko alternatiba bilakatu dira.

Angoitiak azaldu du eremu horiek erabilera publikorako lokal pribatuak direla; hots, erreserbatzen dutenek beraientzat soilik izaten dute lokal osoa. «Esklusiboak eta pertsonalizatuagoak dira». Ez dago bazkide izan beharrik lokala alokatzeko; nahikoa da jabeari deitzea erreserba egiteko. Prezioei dagokienez, arratsalde batez alokatzea 150 euro inguru kostatzen da, lokalaren arabera. «Ospakizun bat jatetxe batean egitea baino askoz merkeagoa da», esan du Angoitiak.

Santutxu auzoko Eguzkilore txokoa da beste adibide bat. Asier Garciak zenbait lagunekin ireki zuen negozioa duela hiru urte, eta, dioenez, jo eta su dabiltza urte osoan. «Batik bat haurrengan pentsatutako gunea da gurea, taberna eta jatetxeetan aukera gehiago dagoelako arazoak izateko». Are gehiago, lokalean haurrentzat propio sortutako gune bat jartzea erabaki zuten negozioa ireki zutenean. Baina ez haurrengatik bakarrik; helduek ere lasaitasuna eta erosotasuna estimatzen dituztela dio. «Ez zaude beste toki batzuetan bezain mugatua».

Udalak ematen dituen baimen berezi batzuk dituzte lokal horiek,baina ez dute sukalderik. «Jendeak gero eta gutxiago kozinatzen du, eta askok cateringak eskatzen dituzte, albokoekin une gozo bat igaro ahal izateko », azpimarratu du Angoitiak. Surik ez, baina ondo hornitua dute lokala: labea, hozkailua, plater garbitzailea.

Hasieran auzoen iritzien beldur ziren, baina Angoitiak eta Garciak esan dute bezero gehienak ingurukoak direla. Halako lokal gehienek gaueko hamaikak arte izaten dute okupatutako egoteko baimena. Maizterrak irtetean, jabeek dena ondo dagoela ziurtatzen dute hurrengoentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.