HIZTEGI LABURRA

2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Konpainiek zergarik ez ordaintzeko erabiltzen dituzten estrategia konplexuak aztertu ditu bi urte baino gehiago. Bidean praktika kaltegarri eta kontzeptu ugari identifikatu ditu. Hona hemen horietako batzuk:

BEPS. Ingelesezko sigla horiek Base Erosion and Profit Shifting (zerga oinarriaren higadura eta irabazien lekualdatzea) laburtzeko erabiltzen dira. OCDEk izen hori jarri dio multinazionalek benetako irabaziak ezkutatzeko eta zerga gutxiago ordaintzeko erabiltzen dituzten estrategien aurkako proiektuari.

Transferentzia prezioak. Euren artean ondasunak, zerbitzuak edo eskubideak transferitzeko bi enpresek hitzartzen duten salneurria da. Talde multinazional bereko filialen arteko tratuak direnean, gehienetan ez dira merkatu prezioen araberako transferentziak izaten, eta horrek bidea irekitzen du toki jakin batean lortu diren irabaziak maskaratzeko.

Herrialdez herrialdeko txostena. Jatorriko enpresaren eta filialen artean dauden finantza mugimenduek oso zail egiten dute irabaziak benetan lortu diren lekuan zergapetzea. OCDEk proposatu duen irtenbidea herrialdez herrialdeko txostena da. Jatorriko enpresa dagoen herrialdean bete beharreko agiria izango da. Irabaziak, salmentak, langileak eta aktiboak non dituen zehaztu beharko du konpainiak, eta baita non ordaintzen dituen zergak eta nork biltzen dituen. Txosten horren edukia konpainia horrek negozioak dituen herrialde guztietako ogasunei bidaliko zaie, horren arabera jarduteko. Hori bai, edukia ez da publikoa izango.

Desdoitze hibridoak. Bi herrialderen edo gehiagoren artean dauden lege eta araudi ezberdintasunak zergarik ez ordaintzeko baliatzen direnean gertatzen dira. Demagun A konpainiak B konpainiari ordainketa bat egiten diola. Ordainketa hori finantza tresna konplexu bat da —bonu bat, azken finean—. A konpainiaren herrialdeak interes gisa tratatzen du, eta ken daiteke zerga aitorpenean. B konpainiaren herrialdeak, berriz, dibidendu gisa hartzen du, eta, kasu horretan, zerga ordaintzetik salbuetsita geratzen da. Azken emaitza da irabaziekin egindako ordainketa horrek ez duela inon zergarik ordaindu. OCDEren proiektuak herrialdeen legedia egokitzea aurreikusten du. Hala, beste herrialde batean kenkarietarako eskubidea duten ordainketei zerga salbuespena ukatu ahal izango zaie, baita alderantziz ere.

'Treaty shopping'. Eskubiderik ez dutenean ere, konpainiek herrialdeen arteko zerga itunak baliatzeko prozedurari esaten zaio. Demagun A herrialdeko enpresa batek B herrialdean inbertsio bat egiten duela. Bi herrialdeen artean zerga itunik ez badago, ez du inolako zerga hobaririk lortuko. Hori egin beharrean, A herrialdeko konpainiak C herrialdean enpresa mamu bat ezartzen du —gehienetan, posta kutxa huts bat baino ez—, eta inbertsioa horren bidez bideratzen du. Hala, C eta B herrialdeen arteko zerga itunaren abantailak bere egiten ditu, eskubiderik izan gabe. OCDEren proposamenak zenbait neurri aurreikusten ditu hobari horiek mugatzeko, eta zerga itunen abantailak soilik herrialde horietan benetan ezarrita dauden enpresek erabiltzea bilatuko du.

Patente kutxak. Hainbat herrialdek onartu dituzten zerga hobariak dira. Konpainiei patenteetatik lortutako irabaziengatik kenkariak lortzea ahalbidetzen zaie. Multinazionalei zerga gutxiago ordaintzeko «etorbidea» dela diote kritikoek. OCDEren txostenak ez du ezabatzea proposatzen, baina kenkaria jasotzen den herrialdean egin den benetako gastuaren araberakoak izatea eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.