Real Madril 2-2 Bayern Munich

Ez duelako barkatzen

Real Madrilek ondo baliatu ditu Bayernen hutsak, eta hirugarren urtez jarraian sailkatu da Txapeldunen Ligako finalerako

Karim Benzema Real Madrileko aurrelaria atzoko partidan sartu zuen lehen gola ospatzen. EMILIO NARANJO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Real Madril. Navas; Vazquez, Varane, Ramos, Marcelo; Kovacic (Casemiro, 72. min.), Modric, Kroos, Asensio (Nacho, 87. min.); Benzema (Bale, 72. min.) eta Cristiano Ronaldo.

Byaern Munich. Ulreich; Kimmich, Hummels, Sule, Alaba; Thiago, Tolisso (Wagner, 74. min.); Muller, James (Javi Martinez, 83. min.), Ribery eta Lewandowski.

Golak. 0-1. Kimmichek (3. min.); 1-1. Benzemak (11. min.); 2-1: Benzemak (46. min); 2-2: Jamesek (63. min.).

Epailea. Cuneyt Çakir (Turkia). Txartel horia Real Madrileko Modric, Vazquez, Casemiro eta Varaneri.

Bestelakoak. 85.000 ikusle Santiago Bernabeu estadioan (Madril).

Real Madrilek Txapeldunen Ligako finala jokatuko du hirugarren urtez jarraian. Maiatzaren 26an Kieven egongo da, eta trofeoa hamahirugarren aldiz irabazten saiatuko da. Europako talderik loriatuena da, eta Txapeldunen Liga da bere txapelketa kutuna. Hori ez da kasualitatea, begi artean hartzen duenean ia ezinezkoa delako hura bidetik ateratzea, eta atzo hori egin zuen Bayern Munichen aurkako finalerdietako itzuliko partidan: ez barkatu.

Bayern Munichek Real Madrilek baino dezente hobeto jokatu du finalerdietako bi partidetan, eta hala ere ez du bietako bakar bat ere irabazi. 1-2 galdu zuen joanekoan etxean, eta bina egin zuen atzo Madrilen. Atzokoan joaneko partidako emaitza irauli behar zuen, eta hori lortzeko nahikoa meritu egin zuen, baina ez zuen saririk jaso. Huts asko egin zituen, erasoan zein atzean, eta Real Madrilek ondo baliatu zituen. Bayernek hirugarren minutuan sartu zuen 0-1ekoa, baina Real Madrilek berehala berdindu zuen alemaniarrek gaizki zaindutako erdiraketa batean (11. min).

Bayernek gol aukera asko izan zituen, eta epaileak ez zuen adierazi bere aldeko penalti bat Marcelok area barruan baloia eskuarekin ukitu zuenean (46. min). Keylor Navas atezaina izan zen etxekoen jokalari onena; Ulreich Bayerneko atezainak, aldiz, huts erraldoia egian zuen bigarren zatiko lehen jokaldian, eta 2-1ekoa oparitu zion Real Madrili. Bayernek bi gol behar zituen, eta bakarra sartu zuen, Jamesek (63. min). Azken ordu erdian Bayernek hirugarrena sartzeko aukera on asko izan zituen, baina gehiegi barkatu zuen Navasen aurrean.

Erromak miraria behar du

Real Madrilek gaur ezagutuko du finaleko aurkaria, Erromak eta Liverpoolek Erroman jokatuko duten beste finalerdiko itzuliko partidaren ondoren (20:45, Movistar). Joaneko partidan Liverpoolek 5-2 irabazi zuen, beraz Erromak balentria behar du finalerako sailkatzeko. Zaila da, baina kapaza da lortzeko, final-laurdenetan aurkako 4-1ekoa altxa zuen Bartzelonaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.