Oscar Gogorza. Kazetaria, irakaslea eta mendi gidaria

«Zortzimilakoez bakarrik idazten da oraindik, oro har»

Mendian denbora asko pasaraziko zion zerbait egin nahi zuen, eta lortu du, mendia baitu bizitzaren ardatz: mendiari buruzko hitzak kateatzen, ikasleak mendirako prestatzen edota bezeroei mendiaz gozarazten saiatzen.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mendiko gaiez hitz egitean, oso kontuan eduki beharreko iritzia izaten da Oscar Gogorzarena. Kazetaria, mendi gidaria eta irakaslea da ogibidez, baina gauza guztien gainetik, mendia maite du.

Nola hasi zinen kazetaritzan?

18 urte bete nituenean, unibertsitatera joateko aukera izan nuenean, nahiko galduta sentitu nintzen. Ez ninduen ezerk bereziki erakartzen eta, aldi berean, zerbait erromantikoa egin nahi nuen, mendian denbora asko pasatzera eramango ninduen zerbait. Arazoa zera zen: ez nekiela zer egin. Orduan ez nekien mendi gidariak bazirenik ere. Gurasoei proposatu nien, eta izugarrizko nahigabea hartu zuten. Beraz, haiengatik, eta ez nekielako nire ibilbidea mendira nola eraman, kazetaritza ikastea erabaki nuen, irakurtzea eta idaztea oso gustuko nituelako bereziki.

Inoiz ahaztuko ez duzun elkarrizketarik?

Inoiz ez dut ahaztuko mendiari lotuta egin nuen lehen elkarrizketa. Surrealista izan zen. Alberto eta Felix Iñurrategi Nepalera zihoazela jakin nuen, eta Madrilgo Barajasko aireportutik abiatuko zirela. Garai hartan Madrilen bizi nintzen, As egunkarian lan egiten nuelako. Haiek elkarrizketatzeko baimena eman zidaten, eta aireportura joan nintzen. Felixek zera esaten zidan, ea ziur nengoen elkarrizketaz, eta nik baietz, behin eta berriz. Felixekin bakarrik hitz egin nuen, garai haietarako Albertok jada ez baitzituen elkarrizketak maite. Gaur egun Albertoren laguna naizela esan dezaket, eta bizitza zein bitxia den pentsatzen dut.

Zein izan da orain artean mendiari buruz idatzi behar izan duzun albisterik okerrena?

Mendiari buruz hitz egiteko orduan, derrigorrezkoa da mendian bizia galdu dutenez hitz egitea. Inoiz ez zara ohitzen horrelako gauzetara. Iñaki Otxoa de Olzaren heriotza izan zen inoiz idatzi behar izan dudan albisterik okerrena. Lagun handia nuen. Beti pentsatu izan nuen erreskatatu eta bizirik irtengo zela, eta, bizia galdu zuenean, oso gogorra izan zen. Ez nuen ezer idatzi nahi, baina ez nuen nahi inork ezer idatz zezan ere.

Zertan aldatu da azken urteetan mendiko kazetaritza?

Mendia modan dagoela esan dezaket. Espezializazio moduko bat gertatzen ari da, eta gaur egun ez da alpinismoari buruz bakarrik idazten. Hor daude kirol eskalada, boulderra, mendiko eskia, mendiko lasterketak... Baina orokorrean, oraindik ere zortzimilakoez bakarrik idazten da, nahiz eta badiren erronka bikainak, askoz ere interesgarriagoak, punta-puntakoak eta gaur egungoak. Bada garaia kazetariok uler dezagun altuagoa ez dela zailagoa, baizik eta altuagoa. Kultura kontua da. Kazetariok esfortzu handiagoa egin behar dugu hori ulertzeko. Esan dezaket kazetaritza aurrera joan beharrean atzera joan dela. Geroz eta gutxiago irakurtzen dugula ere konturatu behar dugu. Tituluak oso gustuko ditugu denok, baina gehiago sakondu behar dugu gaietan.

Himalaian izana zara espedizioetan. Norekin?

Lehen espedizioan, Annapurnanizan nintzen [8.091 metro], 1999an, Juanito Oiarzabalekin. Nire lehen bidaia izan zen Himalaiara, eta gasteiztarrari hamalau zortzimilakoak osatzeko gelditzen zitzaion bakarra kontatzeko aukera izan nuen. Geroago, kazetari eta alpinista moduan, Iñaki Otxoa de Olzarekin izan nintzen Everesten [8.848 metro], K2n [8.611 metro], Broad Peaken [8.051 metro] eta Nanga Parbaten [8.126 metro]. Zazpimilako pare batean ere izandakoa naiz.

Inoiz izan al duzu esperientzia txarrik mendian?

Niretzat Himalaia ezagutzea izugarrizko esperientzia izan zen, inoizko handiena agian, baina aldi berean oso gogorra izan zen ikustea ez nintzela ondo egokitzen altuerara. Orduan konturatu nintzen beste gauza batzuk egiten hasi behar nuela. Ez dut inoiz ahaztuko Nanga Parbaten bizi izan nuena. Buruko edema batekin jaitsi nintzen bigarren kanpalekutik, eta Otxoa de Olzarengatik eta Simone Mororengatik izango ez balitz, agian ez nintzen bizirik aterako. Haren ondoren, erabaki nuen Himalaia amaitu zela niretzat.

Noiz erabaki zenuen mendi gidaria izatea?

2003an izan zen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzak Sailak mendi gidarien prestakuntza bere gain hartu zuenean. Ez nuen mendi gidari gisara lanean hasi nahi, baizik eta ikasten jarraitu, eta pentsatu nuen prestakuntza horrekin hobeto ulertuko nuela mendiaren mundua. Asmatu egin nuen, eta niretzat oso aberasgarria izan zen. 18 urterekin ez nengoen prestatuta horretarako. Opari baten gisan hartu nuen. Oso prestakuntza zorrotza da, konplexua, askotarikoa, eta denbora eta ardura handia eskatzen duena. Grina handia izatea eskatzen du.

Zer da mendi gidari izatetik gehien gustatzen zaizuna?

Berekoia izanda, mendian denbora asko igarotzeko denbora izatea da. Oso polita da, bereziki, jende berriarekin leku eta une bereziak partekatzea, beren ametsak eta erronkak betetzen ikustea. Gidariaren alde gizatiarra kontuan hartzen ez badugu, beste edozein lanen antzekoa da.

Esperientzia txar asko izan al duzu bezeroekin?

Bai, noski ! Ez istripuak, baina bai harremanei dagozkienak. Egia esan, hamabi urte hauetan bi desadostasun izan ditut, betiere mendi gidarien lana errespetatzen ez duten bezeroekin eta mendia kontsumo moduan ulertzen dutenekin.

Urte batzuk badaramatzazu honetan, baina, zer da zuen langintzaren gauzarik zailena?

Alde batetik, oso zaila da arriskua ondo kudeatzea eta erabaki zuzenak hartzea. Esaterako, jakitea noiz egin behar den atzera edo noiz itxaron behar den. Beste alde batetik, ez da erraza bezeroen motibazioak zein diren jakitea, eta haiek nahi dutena eskaintzea. Langintza honetan alde psikologikoa erronka handia da, eta bezeroekin izaten den elkartasunean atera daiteke ogibide honen onena.

Zein da ogibide honetan lan egiteko herrialderik onena?

Ez dakit bat bereziki existitzen den, baina lanbide honetatik bizitzeko ia derrigorrezkoa da udak Alpeetan edo Chamonixetik [Frantzia] gertu pasatzea. Euskal Herria ere izan zitekeen herrialde oparoa mendi gidarientzat, nahiz eta mendi garairik ez izan. Baina askotan ez dugu estimatzen inguruan duguna kultura faltagatik, edo ez dugulako laguntza eskatzeko beharrik ikusten. Erakundeek oraindik ez dute ulertzen gure mendiek duten indarra kanpotik turismoa erakartzeko.

Errazagoa al da mendi gidari izatea beste herrialde batzuetan?

Baietz esango nuke. Mendi gidarien lana errotuagoa dagoen herrialdeetan, esaterako, askoz ere naturalagoa da mendi gidari bat kontratatzea mendiari loturiko edozer gauza egiteko. Baina geroz eta gehiago egiten dugu lan gure lurraldean, eta iritsiko da eguna hemen ere gidari bat kontratatzea normala izango dena. Gidari batek ez du soilik bezeroa gidatzen, baizik eta mendia ulertarazten eta bertan modu ziurrean ibiltzen irakasten dio.

Askotan tokatu al zaizu atzera egin behar izatea?

Bizitza profesionalean oso gutxitan, zorionez. Kirol bizitzan, berriz, askotan, amorratuta eta frustrazio handiarekin, baina jakinda erabaki zuzena hartu dudala. Norberak sentitzen badu ez duela ezer erakutsi behar eta bere egoa alde batera uzten badu, betiere errazagoa izango zaio atzera itzultzea, teknikoki, fisikoki edo psikologikoki ondo ez dagoela konturatzen denean. Azken unean beti gogoratzen naiz aitak askotan esaten zuen esaldi batez: «Mendia beti hor egongo da; ez da mugituko». Beti da estimulu handia berriro ere bide edo mendi berrietan saiatzea.

Bezeroekin joateko mendirik gustukoena?

Mendiko eskiekin joateko aukera dudan edozein. Eskalatzeko garaian, berriz, horma guztiak ditut maite, nahiz eta agian Naranjo [Asturias, Espainia] izangustukoena, eskalatzen bakarrik igo baitaiteke bertara.

Irakaslea zara Kirolenen. Nola hasi zinen bertan?

Orain dela zazpi urte izan zen. Lehiaketa publikoa izan zen, nahiz eta ni pixka bat geroago hasi nintzen bertan lanean. Hasi nintzenean, urte asko zeramatzaten irakasleen laguntza handia izan nuen.

Zenbat ikasle igarotzen dira handik urtero?

Urtero ehun ikasle inguru pasatzen dira. Diziplina ezberdinak ditugu: esaterako, mendi ertainetako gidari lanak, goi mendia, eskalada...

Jendeak zer eskatzen dizue?

Ikasleen soslaia asko aldatzen da urtetik urtera. Lehen, ikasle gehienek mendi gidari izateko edo etorkizunean mendian lanean aritzeko prestakuntza eskatzen zuten. Gaur egun, ordea, gazteak, ikasteko eta formakuntza on bat izateko asmoz etortzen dira, eta ez horretatik bizitzeko asmoarekin soilik. Zurrumurruek diote exijentzia handiko eskola bat dela gurea, baina asko ikasten da bertan, eta, gezurra badirudi ere, beste langintza batzuetarako ere prestatu izan dugu jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.