Gaur amaituko da Korrika Donostian, eta ezagutarazi azkeneko mezua

Korrika amaituta ere, aurrera egingo du jai egitarauak. Besteak beste, herri bazkaria, bertso saioa eta kontzertuak izango dira

Julen Aperribai.
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Azkenetan da Korrika, eta gaur iritsiko da amaierako helmugara, Donostiara. Gauerdian Bidasoko muga zeharkatu eta gero, Irun, Hondarribiko eta Oiartzualdeko herriak pasatuko ditu, eta Astigarraga eta Hernanitik igaroko da goizaldean.

Gipuzkoako hiriburura goizeko 07:30ak pasa berritan helduko da, baina, hala ere, bost ordu gehiago izango dira bukaerako helmugara iristerako. Izan ere, auzoz auzo ibiliko da goizean. Erdigunean egingo ditu azken kilometroak. Besteak beste, Gure Eskuk, Eusko Ikaskuntzak, alderdi politikoek, gehiengo sindikalak, Hekimenek eta Euskalgintzaren Kontseiluak eramango dute lekukoa azken metro horietan, Bulebarrera arte. Orduantxe jakingo da hamar egunez eskuz esku ibili den lekukoak barnean eraman duen mezua zein den, bai eta haren egilea zein den ere.

Lasterketa bai, baina Korrika ez da erabat amaituko behin hori jakin eta gero ere. Izan ere, jai egitarau zabala antolatu dute egun osorako hirian. Zortzi gune zabalduko dituzte: Bulebarrean, Alderdi Ederren, kaian, Zuloaga plazan, Plaza Berrian, Trinitate plazan, Gipuzkoa plazan eta Sarriegi plazan. AEK-k, halaber, ohartarazi du gune horietan ez duela inolako «jazarpenik» onartuko: «Ez matxistak, ez sexistak, ez homofoboak, ez arrazistak...; ezta inor edonola gutxiesterik ere».

Herri bazkaria ere egongo da, Trinitate plazan. Bi txandatan bazkalduko dute, 13:30ean eta 15:00etan. Aurrez, baina, txartela erosi beharko da.

Iluntzean, kontzertuak izango dira zenbait gunetan. Besteak beste, Lamiak, En Tol Sarmiento eta Olatz Salvador musikariak ariko dira zuzenean. Lehentxeago, 16:30ean, bertso saioa izango da kaian, Beñat Gaztelumendi, Oihane Perea, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Julio Soto bertsolariekin.

Egunotan Korrikak jasotako babes zabala ikusita, milaka lagun Donostiara joango dela espero da. AEK-k, hala ere, dei berezia egin die horretarako asmoa dutenei, garraio publikoa erabil dezaten. Gainera, Euskotrenek eta Renfek zerbitzu bereziak ezarriko dituzte. Sarriago ibiliko dira Renfeko trenak, eta ordu erdiko maiztasunez, Zumaia eta Donostia artekoak. Horrez gain, AEK-ko hainbat euskaltegik autobusak antolatu dituzte Donostiara joateko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.