Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

Gipuzkoako soinu hodiak

Bihartik hasita, hamahiru kontzertu egingo dituzte Musika Hamabostaldiaren Organo Zikloan. Gipuzkoako hainbat herritako organo ondare «aberatsa» baliatuko dute emanaldietan
Musika Hamabostaldiko ordezkariak eta Organo Zikloan parte hartuko duten zenbait musikari, atzo, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan.
Musika Hamabostaldiko ordezkariak eta Organo Zikloan parte hartuko duten zenbait musikari, atzo, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 4
Ezohiko musika tresna da organoa, baina Donostiako Musika Hamabostaldiko ziklorik deigarri eta entzutetsuenetako bat osatzen da urtero haren inguruan. Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak eta Esteban Elizondo Organo Zikloko koordinatzaileak atzoko aurkezpenean aipatu zutenez, gainera, Gipuzkoako organoak ez dira nolanahikoak. Jatorrizko egoeran iraun duten organo ugari daude kilometro gutxiren bueltan, eta aukera paregabea eskaintzen dute mundu osoko organistentzat, «konpositoreek beren lanetan esan nahi zutenera hurbilpen historikoa» egiteko, Elizondoren hitzetan.

Bihar hasi eta datorren igandera bitarte, hamahiru emanaldi izango dira Donostiako Musika Hamabostaldiko Organo Zikloan, Gipuzkoako zortzi elizatan. Zikloarekin lotutako Organo Erromantikoko Nazioarteko 35. Ikastaroa, berriz, astelehenean hasiko da, eta Michel Bouvard organista ezagunak emango ditu eskolak. Musika Hamabostaldiko ziklorik emankorrenetako eta arrakastatsuenetako bat da organoarena, Patrick Alfayak gogorarazi duenez, eta milaka entzule erakartzen ditu urtero. Izan ere, hark esan bezala, «dena ez da Kursaala» Musika Hamabostaldian, eta hala erakusten dute datuek ere: urtero 4.500 lagun baino gehiago elkartzen dira organoaren soinuaren bueltan.

Alfayak Elizondori eskertu dio urtero zikloa antolatzen egiten duen lana, haren ustez emanaldiak Europa osoko ondare musikalik aberatsenetako bati egindako aitorpen bat ere badirelako. Azken urteotan gorabehera ekonomikoak izan ditu Musika Hamabostaldiak, eta nabaritu da ekoizpenak eta eskaerak jaitsi direla. Hala ere, Organo Zikloan sekula ez diote utzi organo konposizioen enkarguak egiteari.

Zikloko hamahiru kontzertuetatik, zazpi egingo dira Donostiatik kanpo. Gipuzkoako hainbat herritan arituko dira, Ataun, Azkoitia, Deba, Hernani, Tolosa eta Usurbilgo elizetan. Organo horien guztien artean nabarmendu dituzte Ataungo Tourseko San Martin elizako iberiar organo barrokoa —Lorenzo de Arrazola oñatiarrak egina—, Debako Andre Maria elizakoa —Gerhard Grenzingek egina—, eta Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikakoa eta San Bizente elizakoa —Aristide Cavaille-Collenak biak—.

Alize Mendizabal, Ana Belen Garcia, Fernando Gonzalo eta Koro Saenz organistek beren kontzertuen nondik norakoak azaldu zituzten aurkezpenean. Mendizabalek egitarau barrokoa prestatu du Ataungo musika tresna bereziari probetxu ateratzeko. Garciak ere kontuan izan du Donostiako Iesu elizako akustika jakina, eta mundu osoko estreinaldi bat aurkeztuko du han: Josep Soler musikagile katalanaren 22. korala. Eskuin eskuko tentu zatitua, hain zuzen. Gonzalok, aldiz, berak sortutako bi lan aurkeztuko ditu, baina ez da bakarrik ariko, Jone Bolibar klarinete jotzailea eta Xabier Calzada flauta jotzailea izango ditu lagun. Saenz organista titularra da Donostiako San Bizenteko elizan, eta hango organoaren 150. urteurrena ospatzeko baliatuko du aukera. Jose Ignazio Ansorenak eta Lucia Gomezek joko dute harekin.

Organo ikasleak

Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroko ikasleek ere izango dute haien emanaldia, abuztuaren 10ean, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan. Ikastaroko toki guztiak bete dira, eta munduko hainbat herrialdetatik etorritako hamabost ikaslek izango dute Gipuzkoako organorik berezienak jotzeko aukera, Michel Bouvard irakasle dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna