Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak. IRITZIA

U-1 Leitzan: emozioak aldean

2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Aurtengo txapelketako orain arteko saiorik jendetsuena izan genuen igandean Leitzako kiroldegian. Udazkeneko egun hitsa. Ilara luzeak, eta bertsozaleak kabitu ezinda ia, saioa atzerapen pixka batez hastera bultzatzeraino. Bertsozaleak gogotsu, arreta gunea oholtza gainean ez ezik Katalunia aldetik ailegatzen ziren txio eta mezuetan jarririk. Emozio horiek guztiak euren bertso jardunaren bitartez bideratzea zen bertsolarien erronka, eta lortu zuten, lortu zutenez!

Ariketa guztietan egon zen nabarmentzeko ale zein bertsoaldirik; 8ko nagusiko ariketan, bezperan baino gozagarriagoak izan ziren ofizioak oro har. Unai Agirrek eta Iñaki Apalategik osatu zutena aipatuko nuke, egun osoko jardunaren ostean sofan leher eginda eserita dagoen bikotearen paperean kantatu zutena. Unai Agirreren lehenengo bertsoa, ikaragarria: «Gure bizitzan izan genduen/ nahiko asmo eta fede// baina denbora pasatua da/ lana bihurtu da lege// hauzkaldexio juan zaite arren/ egin zaidazu mesede// barka maitea indarrik ez det/ musu emateko ere».

8ko txikiko ariketan goia jo zuen saioak, Oihana Iguaran eta Iñaki Apalategik osatutako bertsoaldian. Oporretarako leku baten bila wifi-a eskuragarri ez izatea lehentasun jotzen zuen Apalategik, Iguaranek ez bezala. Gaur-gaurko gaia, igandean Leitzako kiroldegian bertan ere une askotan estaldura gabe egonik bat baino gehiago ernegatzera iritsi ginela kontuan hartuta. Publikoarekin estuen konektatu zuten ofizio guztietan tartean izan zen beasaindarra; 10eko txikian bestelako ikasketak egiten hasi nahi duen igeltseroaren paperean ere arrazoi borobilak kantatu zituen Agin Labururekin batera, tartean baita bertso eder hau ere: «Ez, lehenbizi porlana/ eta eskaiola// ta ikustean dena/ egonkor dagola// jarrikoditut teilak/ baldosak ta kola// bukatu arte ez zait/ besterik ajola// egunez lana eta/gauetan eskola». Kartzelako ariketan arriskatu egin zuen Apalategik doinuarekin, eta nago mezuak doinua baino doinuak mezua bera menderatu ez ote zuen… Edozein kasutan, sailkapen txartela ez dauka urruti.

Oihana Iguaran izan zen sailkapenean nagusi; 10eko txikiko ariketako lehenengo bertsoan paperez nahastu zela iruditu zitzaigun, baina gainerakoan saio gozagarria osatu zuen. Esango nuke, gainera, ez zuela bere sabaia ukitu igandean… euren sabaiak ukitu ez zituzten Agin Laburu eta Julio Sotoren moduan. Laburuk sendo eta seguru kantatu zuen ariketa guztietan, baina ohikoa duen txispa falta izan zitzaion une batzuetan. Sotok kartzelan eman zuen bere onena, ofizioren batean bidea aurkitu ezinda ibili ostean. Unai Agirreri ere antzeko zer edo zer pasa zitzaiola esango nuke: ofizio lanean kostata, eta kartzelan goia jo. Sailkapenean atzeraxeago geratu zen Oihana Bartra, baina kantuan gozatzen ari zen sentipena transmititzen zuen bere bertso bakoitzean. Larunbatean, denok Zallara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.