Hilurrenekoen sedazioak arautzeko legea bidean dela adierazi du Hollandek

Frantziako presidenteak esan du urtarrilean hasiko dutela gaiari buruzko eztabaida.

Eutanasia eta suizidio lagundua, proposamenetik kanpo
Bonnemaison, eskuinean, auzitegitik irteten, iragan ekainean.
Bonnemaison, eskuinean, auzitegitik irteten, iragan ekainean. LAISSAC LUKE/ EFE

Arantxa Iraola -

2014ko abenduak 13
Adierazia zuen lehendik ere Frantziako presidente François Hollandek «duintasunez hiltzeko eskubidea» bermatzeko lege bat egiteko asmoa; berehalakoan hasiko direla jakinarazi zuen atzo. Urte berriarekin, urtarrilean bertan, gaiari buruzko eztabaida publiko bat abiatuko dutela esan zuen, eta lege berria egiteko abiapuntua izango dela. Aurreratu zuen, halaber, buruan zer tankeratako legea darabilten: eutanasia eta suizidio terapeutikoaren moduko hauturik onesteko asmorik ez dute, baina sedaziorako aukera eman nahi zaie hilurren dauden pertsonei, betiere bizitzen segitzeko asmorik ez dutela argi eta garbi azaldu badute.

Gaiaren inguruan egin berri duten txosten bat —PSk eta UMPk hitzartua— aurkeztu zuen atzo Hollandek, eta adibide zenbait eman zituen, lege berriak zer kasu klasetarako balioko duen azaltzeko. Sedazioa jarri ahal izango zaie, esaterako, hilurrenean sufrimendu handiak dituzten pertsonei, edo tratamendua bertan behera utzi eta hiltzen uzteko eskaria egina dutenei. Legeak arautu nahi du, era berean, zer egin beren borondatea adierazi ezin badute ere, bizitza era artifizialean bakarrik luza dakiekeen eriekin, medikuek modua izan dezaten —hainbat prozedurari lotuta— horien tratamenduak eteteko. Hilurrenekoen sedazioak lehendik onetsita dazka Frantziako Osasunaren Goi Agintaritzak, baina legeak ez ditu inoiz propio baimendu orain arte.

Legeak arautu nahi ditu, halaber, herritarrek beren heriotzaren ordua iristen denerako ebatzita utzi ahal dituzten irizpideak. Orain arte gomendio soilak ziren sendagileentzat irizpide horiek; baina Hollandek iragarritako proposamenaren arabera, bete egin beharko dituzte, eta saihestea erabakitzen badute, argudioak eman beharko dituzte horretarako. Proposamen «errealista eta orekatua» plazaratu dutela adierazi du Hollandek, eta oraingo lege esparruan dauden hainbat hutsuneri aurre egiteko dela.

'Bonnemaison auzia'

«Orekari» eusten saiatu direla argi da. Talde atzerakoienak —kalera ozen atera ziren, esaterako, homosexualen arteko ezkontzaren kontra— gehiegi asaldatu gabe, «heriotza duinaren» aldeko urratsak eskatzen ari diren taldeen eskariak aintzat hartzeko ahalegina egin dute proposamenarekin. Izan ere, talde horiek ere usu atera dira kalera bizitzaren amaierakoak arautzeko eskatuz. Sostengua eman izan diote, besteak beste, Nicolas Bonnemaison medikuari; Baionako erietxe publikoan ziharduen lanean, eta iragan ekainean Paueko Krimen Auzitegian epaitu zuten, zazpi paziente pozoitzea egotzita —guztiak ere oso gaixo zeuden—. Zinpekoen epaimahai batek ebatzi zuen, ordea, ez zuela okerrik egin, eta absolbitzea erabaki zuen.

Epaiak Frantziako hainbat goi kargudunen oniritzia jaso zuen, esaterako, Osasun ministro Marisol Tourainerena. Fiskaltzak, berriz, helegitea jarri zuen kontra, eta berriro epaituko dute; Bonnemaisonen xedea, erien mina arintzeaz harago, gaixoen bizia «bururatzea» zela dio. Medikuak berak onartu zuen legea ez zuela taxuz bete hainbat pazienterekin. Ordea, ustez pozoitu zituen erien familiek ez zuten haren kontra egin; kontrara, zenbaitek sostengua erakutsi zioten sendagileari.

GAKOAK

Heriotzarekin eta hilurreneko zaintzarekin lotutako hainbat kontzeptu daude. Hona esanguratsuenak:

Eutanasia. Kontzeptu horren pean sartzen dira usu bizitzaren amaierarekin lotutako beste hainbat ere. Baina esanahi zehatza du: prozedura mediko bat da, zeinean mediku batek paziente baten eskariari erantzuten dion droga bat jarriz, eta horrekin heriotza zuzenean eragiten dion.

Suizidio lagundua. Eutanasiatik oso hurbil dago. Medikuak ez dio pazienteari deus injektatzen, ordea; errezeta bat egiten dio heriotza eragiteko pilula batzuekin, eta eriak hartuko ditu berak nahi duenean.

Sedazioa. Pazienteari, botiken bidez, konortea galaraztean datza; hilurren daudenen oinazea arintzeko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna