Javier Maroto PPko sektoreko idazkariorde izendatu du Rajoyk

Kargu berri bat da Gasteizko alkate ohiak aurrerantzean beteko duen hori.Bertze hainbat aldaketa egin ditu PPko buruak alderdi barruan

Maroto, joan den larunbatean, alkatetza galdu eta gero. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ezin izan dio Gasteizko alkatetzari eutsi, baina kargu berri bat lortu du PPko kide Javier Marotok: alderdiko sektoreko idazkariorde izanen da aurrerantzean. PPko buru Mariano Rajoyk eman zuen izendapen horren eta bertze hainbaten berri, atzo, alderdiko zuzendaritza batzordeak bilera egin eta gero.

Rajoyk bertzelako aldaketak iragarriko zituela espero zen atzo. Gobernu barrukoak, alegia. Auzi horri buruzko zurrumurruek gora egin dute azken asteotan, maiatzeko hauteskundeetako emaitzen ondorioz batez ere. Baina Espainiako Gobernuko presidenteak ez zuen halakorik egin. Ez zuen gobernuko inolako aldaketaren berri eman.

Alderdiari dagokionez, Marotoren izendapena ez da bakarra izan. Gasteizko alkate ohiak kargua estreinatuko du, orain arte existitzen ez zen idazkariordetza bat eman baitio Rajoyk.

Gorka Urtaran jeltzalea izendatu zuten Gasteizko alkate, joan den larunbatean, Marotoren ordez —PPko hautagaiak irabazi zituen bozak—. Ezkerreko alderdien babesa jaso zuen EAJko hautagaiak. Azken unera arte, hala ere, zalantzan izan zen babes nahikoa lortuko ote zuen Maroto alkatetzatik at uzteko. Jaso zuen, azkenean, eta PPko kideak azken urteotan bete duen kargua galdu zuen.

Javier Marotoren izendapenarekin batera, bertze hainbat erabaki hartu zituen Rajoyk atzo. Fernando Martinez Maillo Antolamendu idazkariorde izendatu du PPko buruak, Carlos Florianoren ordez. Zamorako (Espainia) Diputazioko presidente izan da Martinez Maillo orain arte. Bere kabinete buru Jorge Moragas ere hauteskunde kanpainako zuzendari izendatu du Rajoyk. Komunikazio idazkariorde Pablo Casado izanen da, eta Kataluniako PPko kide Andrea Levi, berriz, ikasketa eta programa idazkaria. Javier Arenas orain arteko karguan berretsi du Rajoyk, eta eskualde eta udal idazkariorde izango da aurrerantzean ere. Maria Dolores de Cospedalek ere PPko idazkari nagusiaren postuan segituko du.

Cospedalek zuzendaritzako karguari eutsi dio, beraz; Espainiako Hezkuntza eta Kultura ministro Jose Ignacio Wertek, berriz, asteon utziko du kargua. Andaluziako (Espainia) Hezkuntza kontseilari Adelaida de La Callek baieztatu zuen informazio hori, atzo. Kargua hartu berri du De la Callek, baina Wertek ez du bilera eginen harekin, ohikoa izaten denez. «Asteon kargua utziko duela erran dit», azaldu zuen kontseilariak.

Jakina zen Wertek alde egiteko asmoa zuela. Haren eskutik ezarri da LOMCE. Euskal Herrian hezkuntza komunitatearen kontrako iritzi sendoa piztu du erreforma horrek. Hamaika protesta eragin ditu karrikan, gainera. Gurasoek ere intsumisioaren alde egin dute, legeak Lehen Hezkuntzan ezarritako ebaluazio azterketen aurka.

Biltzar politikoa, uztailean

PPren gobernuak egindako lanari buruz bertzelako iritzia du Rajoyk. Alderdi hori jo zuen egonkortasunaren eta ekonomiaren susperraldiaren bermatzaile nagusi atzoko agerraldian. Maiatzeko hauteskundeen harira, aitortu zuen ustelkeria kasuen eragina «garesti ordaindu» dutela, eta krisiak ere ekarri duela haien boto kopuruak behera egitea. «Botoak zentroan galdu ditugu, eta abstentzioaren ondorioz, batez ere».

PPko buruak ezagutarazi zuen, bertzalde, alderdiak biltzar politikoa eginen duela uztailaren 11n eta 12an. Biltzar horretan zehaztuko ditu Espainiako hurrengo hauteskundeetarako programaren oinarriak. Irailerako, berriz, Espainiako Gobernuak bertze lanik izanen duela erantsi zuen, eta hil hori amaitu baino lehen aurrekontuak aurkeztuko dituela azaldu zuen; hortaz, ez ditu hauteskundeak aurreratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.