Kubaren aurkako blokeoa kentzeko eskatu du EBren diplomazia arduradunak

«Europarrek zubiak eraiki nahi dituzte», erran du Mogherinik Habanan. Kubak eta Europako Batasunak lankidetza akordioa berretsi dute

mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bi eguneko bidaia egin du Federica Mogherini EB Europako Batasuneko diplomazia arduradunak Kubara. Habanak eta Bruselak 2016ko abenduan sinatu zutenbehin-behineko akordioa elkarrizketa politikoa eta lankidetza ekonomikoa bultzatzeko, eta hori garatzeko konpromisoa hartu zuten atzo bi aldeek. Mogherinik argi utzi nahi izan du EBk ez dituela babestuko AEBek Kubaren aurka hartu dituzten neurriak, eta blokeoa kentzeko eskatu du. «Politika zaharkitua da, eta legez kanpokoa».

Barack Obama AEBetako presidenteak Kubarekin harremanak aldatzeko elkarrizketak bultzatu zituen sekretupean, eta, Raul Castro Kubako presidentearekin batera, 2014ko abenduan iragarri zuen harreman diplomatikoak berrezarriko zituztela, harreman ekonomikoak ezartzen hasiko zirela, eta konpromisoa hartu zuen blokeoa bukatzeko pausoak aztertzeko. EB ordurako hasia zen bide hori urratzen, eta, 2016an akordioa eginda, ofizialki bukatutzat eman zuen Jarrera bateratua erran zitzaion politika; Espainiak bultzatu zuen jarrera hori, eta helburutzat zuen EBk babestea AEBek 1990eko hamarkadan Kuba nazioartean bakartzeko egin zuten ekinaldia. «Harresiak altxatu eta ateak ixten dituztenen aitzinean, europarrok zubiak eraiki nahi ditugu, eta ateak ireki lankidetzaren eta elkarrizketaren bidez», erran du Mogherinik Habanan.

AEBen kontrako bidean

Izan ere, Obamak AEBen bi etsai historikorekin Kubarekin eta Iranekin— egindako hurbiltze ahaleginek EBren babes osoa izan zuten. Venezuelaren ondoren, Kubaren bazkide ekonomiko nagusia da EB, eta, Iranekin akordio nuklearra egin ondoren (2015), EBko estatu nagusien ordezkariak akordio ekonomikoak negoziatzen hasi ziren Teheranekin. Obamak bigarren agintaldiaren bukaeran eman zituen pauso diplomatiko horiek, eta blokeoa kendu gabe eta Iranen aurkako zigorrak kentzeko pauso nabarmenik eman gabe utzi zuen Etxe Zuria. Horregatik, Donald Trumpek duela urtebete agintea hartu eta AEBen jarrera aldatu ondoren, kontrako norabidean harrapatu du EB. Bruselak ez zituen babestu Trumpek iazko azaroan Kubaren aurka onartu zituen zigorrak eta debekuak, eta AEBetako presidenteak zalantzan paratu zuenean Iranekin egindako akordio nuklearra, EBk hitzarmena defendatu zuen aho batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.