Sciolik eta Macrik oso estu hartu dute elkar Argentinan

Presidentegai peronistak eta kontserbadoreak aurrez inoiz egin gabeko eztabaidan parte hartu dute.Inkestek Macriri ematen diote garaipena

Daniel Scioli eta Mauricio Macri, eztabaidaren amaieran. DAVID FERNANDEZ / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Igandean egingo dute Argentinan presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta bi hautagaiak, Daniel Scioli peronista eta Mauricio Macri kontserbadorea, aurrez aurreko eztabaida betean aritu ziren telebistan igande gauean. Demokrazia ezarri zenetik bi presidentegai debate batean lehiatzen diren lehen aldia da, eta ikusmin handia eragin du Argentinan: telebistako ikusleen %53k ikusi dute, eta ia bi milioi iruzkin eragin ditu Twitter sarean.

Gogorra eta gordina izan zen Scioli eta Macriren arteko eztabaida, nork bere proposamenak babestu ordez aurkariaren asmoak kritikatu baitzituen. Sciolik kolpe bat eman beharra zeukan, inkesta gehienetan zortzi eta hamar puntu arteko aldea ateratzen baitio Macrik. Eta hautagai peronistak erasora jo zuen haste-hastetik: «Etorkizunerako, bi bideren artean aukeratu behar da. Batak garapenaren agenda landu nahi du, eta bestea, Cambiemos (Alda dezagun) izenaren amarrua dakarrena, besapean doikuntza batekin dator».

Sciolik debaluazioa eragin, merkatua konpainia pribatuei ireki, zorpetzea handitu eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean men egiteko ezkutuko programa bat izatea leporatu zion Macriri. FpV Garaipenerako Fronteko hautagaiaren asmoa, lehen itzulian Sergio Massaren alde egin zuten klase apal eta ertaineko boto-emaileak (bost milioi pase, %21) erakartzea da.

Macrik «beldurraren kanpaina» gaitzetsi eta Nestor Kirchner eta Cristina Fernandezen agintaldien «jarraipena» izatea egotzi zion Scioliri: «Argentinaren arazoa ez da dolarra, gobernua da. Gezurra besterik ez du esan. Azken zortzi urteetan munduan gehien debaluatu duena izan da. Eta zeu, Daniel, ez zara aldaketa; jarraipena izatea erabaki duzu».

«Etsaitasunik» ez duela bilatzen esan ondotik, Macriren proposamenak «gizartearentzat arrisku bat» direla erantzun zion Sciolik. Debate gogorra, hala ere, elkar besarkatuz amaitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.