Koronabirusa. Ikasturte hasiera

Iazko neurri bertsuekin itzuliko dira ikasgeletara

Positibo baten kontaktuak izanda ere, txertoa jasotako ikasleek ez dute itxialdirik egingo Ipar Euskal Herrian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun

Ikasleentzako seinaleak lurrean, Lezoko (Gipuzkoa) herri eskolan. / Maialen Andres, Foku

Aurrez aurreko hezkuntza bermatzea. Horixe izango da aurten ere hezkuntza eragileen helburu nagusia. Hala izan dadin, 2020-2021eko ikasturteko neurri bertsuak hartuko dituzte

Ez da erraza ikasturtearen martxa aurreikustea: batetik, 12 urtetik gorakoen txertaketak esperantzarako tartea irekitzen du; bestetik, ordea, egoera makurtu dezakete birusaren aldaera berriek. Honatx 2021-2022ko ikasturterako prestatutako protokoloekin —egoeraren arabera alda daitezke— erantzutea lortutako 11 galdera, beste hamaika zalantza argitu gabe geratuko diren arren.

Eskolak aurrez aurre emango al dituzte?

Eskola guztiak aurrez aurrekoak izango dira, ikasturte hasieran behintzat. Halere, birusaren bilakaeraren arabera, aldaketak egon daitezke. Iparraldean, jada itzuli dira geletara; Nafarroan, irailaren 8an hasiko dira, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoan ere ez dira datorren asteazkena baino lehen hasiko. Itunpeko zentroetakoak datorren astean hasiko dira.

Maskara jantzi beharko al dute?

Hegoaldean, Haur Hezkuntzako umeek ez dute maskararik jantzi beharko. Nolanahi ere, Nafarroan 3 urte baino gehiago dituztenek erabili egin beharko dute autobusean. Gainerako ikasleentzat derrigorrezkoa izango da. Iparraldeko 7 urtetik gorako ikasleek ere ezinbestean jantzi beharko dute.

Distantzia mantendu beharko al dute gelan?

Kontaktu kopurua mugatze aldera, ikasgeletan bizikidetza egonkorreko taldeak sortuko dituzte. Nafarroan, Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan, ez dute distantziarik izango talde barruan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, HHn ez dute tarterik izango; bai, ordea, LHn. Etapa horretan, lau edo bost ikasleko azpitaldeak sortuko dituzte, distantziarik gabe egoteko. Iparraldean, ama eskoletan ez dute distantziarik gorde beharko; aldiz, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan «ahal delarik» metro bateko distantzia izango dute talde artean.

Zein ordutegi izango dute eskolan?

Nafarroan, jardunaldi jarraitua egingo dute, hasieran behintzat. Haatik, aukera dago eskolak goizetan eta arratsaldeetan ematera itzultzeko. Urrian edo Gabonen ostean ezar ditzakete aldaketak. Eskolak goizez eta arratsaldez ematera itzuliko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Zer gertatuko da ikasleren batek positibo ematen duenean?

Alde batetik, gerta liteke ikaslea ikastetxean hastea sintomekin. Kasu horietarako gela bat prestatuta izango dute Hego Euskal Herriko ikastetxeek. Beste aldetik, ikasleak positibo eman duela etxean dagoenean jakiten badu, zuzendaritza taldearekin harremanetan jarri beharko dute. Positibo bat dagoenean, kontaktu estua izan duen pertsonak identifikatzeari ekingo diote.

Ikaskideek berrogeialdirik egin beharko al dute?

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prestatutako protokoloan jasota dagoenez, «osasun agintariek» erabakiko dute nork egin behar duen berrogeialdia. Zenbait salbuespen ageri dira protokoloan: txertoaren pauta osoa jaso dutenek ez dute etxean itxita geratu beharko, ezta gaitza azken sei hilabeteetan igaro dutenek ere, nahiz eta PCRak egingo dizkieten. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren arabera, protokoloa herritar guztientzat da; beraz, ikasleei ere aplikatuko zaie. Berrogeialdia egitetik salbuetsita egongo dira txertatuta dauden Ipar Euskal Herriko ikasleak ere. Gaur-gaurkoz, Nafarroak ez du horri buruzko informaziorik eman.

Jangelak martxan egongo al dira?

Bai. Halere, hainbat neurri errespetatu beharko dituzte: Hegoaldean, besteak beste, 1,5 metroko distantzia mantendu beharko dute bazkaltiarren artean; jateko txandak egin; eta bizikidetza talde egonkorrak mantendu. Ikasle denak kabituko ez balira, aukera egongo da ikasgeletan jateko edo bestelako espazio batzuk atontzeko. Iparraldeko ikastetxeetan ere distantzia mantendu beharko dute, parez pare eta ondoan jatea saihestuta, ahal dela.

Baimenduta al daude eskolaz kanpoko jarduerak?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baimendu dituzte, betiere, hainbat neurri errespetatzen badituzte: hala nola «ahal den neurrian» bizikidetza talde egonkorrak mantendu beharko dituzte; parte hartzaileek 1,5 metroko distantziara egon beharko dute; eta aire zabalean egiten diren jarduerak lehenetsi beharko dituzte. Gainera, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, ikasleek euskara lantzeko barnetegiak antolatuko dituzte. Eskolaz kanpoko jarduerak baimenduta egongo dira Ipar Euskal Herrian ere, baina irailaren 30etik aurrera 12-17 urtekoek osasun ziurtagiria beharko dute.

Nafarroan, berriz, eskolek ezingo dituzte eskolaz kanpoko jarduerak antolatu, eta osasun agintarien esanen arabera arituko dira bestelako taldeek edo erakundeek antolatutakoak. «Jarduera osagarriak» egiteko era edukiko dute, «osasun egoerak baimentzen badu».

Nola antolatuko dira patioan?

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan talde desberdinetako ikaskideak nahastea ekidin beharko dute, haurrek patioan ere maskara jantzita egon beharko dute, eta hamaiketakoa aire zabalean jatea lehenetsi dute.

Autobusa erabiltzerik izango al dute?

Bai, bermatuta egongo da autobus zerbitzua. Hala ere, hainbat babes neurri ezarri dituzte. Nafarroan, esaterako, ikasleek beti leku berean eseri beharko dute, errazago identifikatzeko positibo emandako ikasleak norekin egon diren kontaktuan. Gainera, maskararik jantzi behar ez duten ikasleen artean bi metroko distantzia egon beharko da.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak ere beti eserleku berean eseri beharko dira, eta autobus bakoitzean bidaiatzen duten haurren zerrenda osatu beharko dute, bakoitza non jartzen den zehaztuz. Iparraldean, berriz, maskara beharrezkoa izango da.

COVID-19agatik aurreko ikasturtean jarritako baliabideak mantenduko al dituzte?

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ziurtatu dute aurreko ikasturtean pandemiagatik ikastetxeetan jarri zituzten irakasle gehigarriak mantenduko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.