Jose Antonio Rodriguez.
ARGI ALDIAN

Adinaren erlojua atzeratu ahal dugu?

2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Bere adinari dagokion itxura erakusten ez duen jende asko dago gure artean (Jordi Hurtado Saber y Ganar telebista saioaren aurkezlea izan liteke adibiderik ospetsuena). 50 urteko pertsona batek 70 urtekoa dela eman dezake eta, aitzitik, 80 urteko beste batek 60koa. Adin kronologikoa eta adin biologikoa ez direla beti bat etortzen erakusten du horrek. Adin kronologikoa neurtzea erraza da: egutegi bat besterik ez dugu behar. Adin biologikoa neurtzea zailagoa da, eta adierazle bereziak erabili behar ditugu. Adin biologikoaren adierazle zehatzenetako bat epigenetikan, hau da, adinarekin aldatuz doazen genomaren marka kimikoetan, oinarritzen da. Erloju epigenetiko hori aztertuz pertsona baten adin biologikoa leheneratu daitekeela iradokitzen duen ikerketa bat argitaratu da hilabete honetan, Aging Cell aldizkarian.

Ikerketa hori animalietan aurretiaz egindako esperimentuetatik abiatu zen. Esperimentu horietan, hazkuntza hormona ekoizten duten zelulak arratoietan txertatu ziren, eta arratoien immunitate sistema gaztetu egiten zela ikusi zen. Adibidez, timoa (linfozitoen ekoizpenean parte hartzen duen guruin bat) nabarmenki leheneratzen zen.

Gizakietan antzeko efektua lor zitekeen aztertzeko, Kaliforniako (AEB) ikertzaileek bederatzi gizon heldu tratatu zituzten hazkuntza hormonarekin. Tratamendu horrek diabetesa eragin dezakeela jakina denez, hormonarekin batera diabetesaren aurkako bi botika eman zitzaizkien boluntarioei. Urte bateko tratamenduak gizonen timoa leheneratzen zuela frogatu zen. Horrez gain, boluntarioen erloju epigenetikoak atzera egin zuela egiaztatu zuten ikertzaileek. Hau da, haien adin biologikoei zegokienez, boluntarioek gazteagoak ematen zuten tratamenduaren ostean. Ustekabeko behaketa horrek ikertzaileak berak ere harritu zituen.

Erloju epigenetiko-aren atzera bueltatze hori ikerketan parte hartu zuten gizon guztietan ikusi zen. Beraz, egileek behatutako eragina egiazkoa izan daitekeela proposatzen dute. Emaitza horiek egiaztatzeko, jakina, ikerketa hori pertsona gehiagorekin (adibidez, sexu ezberdinetako boluntarioekin) errepikatzea beharrezkoa izango da. Gainera, tratamenduak hainbat osagai (hazkuntza hormona eta bi botika antidiabetikoak) dituenez, osagai bakoitzak duen eragina aztertu behar da. Edonola ere, argitaratutako behaketak iradokitzen du pertsona baten adin biologikoaren erlojua atzeratu ahal dugula.

Bitartean, adin kronologikoak etengabe jarraitzen du bere martxa, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.