Ibilbide siderurgikoan barrena

Burdingintzaren industriak garrantzi handia izan du, Euskal Herrian ez ezik, Pirinioen inguruko komunitateetan ere. Ondare zabalaren hainbat arrasto biltzen ditu Pirinioetako Burdinaren Bideak.

Ibilbide siderurgikoan barrena.
Julen Aperribai.
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Pirinioen bi aldeetako jarduera ekonomiko nagusietako bat izan da burdingintza, aspaldidanik. Oraindik ere hala da inguru horietako askotan, eta, ez den lekuetan ere, handia da siderurgiak utzitako arrastoa. Inguru horiek mendi malkartsuek nahiz mugek bereizten badituzte ere, nolabait batzen ditu jarduera horrek utzitako ondareak. Aberastasun horren jakitun izanik, ondare horri balioa eta ikusgarritasuna emateko hainbat egitasmo bultzatu izan dituzte instituzioek eta erakundeek.

Helburu horrekin herrialde bakoitzak egindako lanaz gain, aterki beraren azpian ere aritu izan dira elkarlanean Okzitaniako, Andorrako, Kataluniako eta Euskal Herriko elkarte eta instituzioak, ondarea kolektibizatuz. Asmo horrekin sortu zuten Pirinioetako Burdinaren Bidea, 2000ko hamarkadan. Hasieran, Andorrako eta Kataluniako gobernuek bultzatu zuten proiektua. Gerora, lekua egin zitzaien burdingintzarekin loturiko Bizkaiko eta Gipuzkoako lekuei ere. Burdinaren lanketarekin lotutako inguru eta lekuen babesean eta mantentze lan asko aurrez egina zegoela iritzita, ondare hori publikoari zabaltzen lagundu nahi zuen proiektuak. Ibilbide bateratu bat aurkeztu zuten, eta Europako Kontseiluak ere Kultura Ibilbideen programan sartu zuen.

Ibilbideari bultzada handiagoa emateko asmoz, elkarte kultural berri bat aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, lehengo astean. Ibilbidearen proiektuan kide diren herrialdeek «jardun programa bateratu bat ezartzeko» asmoa du elkarteak, eta burdinaren kulturaren eta tradizioaren inguruko azterketa, kontserbazio eta zabalkunde lanean jarri nahi du indarra. Gipuzkoako Foru Aldundiak bezala, probintzian burdinarekin lotura berezia duten herrietako udalek Beasaingoak, Eibarkoak, Ormaiztegikoak, Mutiloakoak eta Zeraingoak eta Lenbur fundazioak ere parte hartuko dute elkartean.

Pirinioetako Burdinaren Bidean burdinarekin lotura duten burdinola, museo, meatzeak eta beste topa daitezke. Leku horiei guztiei aitorpena egiteko modu bat da, ibilbide jarraitu bat bainoago. Hala ere, hura osatzen duten lekuek ematen dute aukera historian atzera egiteko eta egungo industria siderurgikoaren zimenduak ezagutzeko.

EUSKAL HERRIA

Meatzeak eta basoak; biak ziren beharrezko antzinaroan, burdina lortzeko, eta bietatik zuen Euskal Herriak. Horrenbestez, aspaldikoa da burdingintzaren presentzia herrialdean. XIX. mendearen hasiera aldera, bere onenak emanak zituen burdinoletako jarduerak, labe garaien mesedetan. Hala ere, burdinolen eta meatzeen funtzionamendua eta garrantzia ulertzeko, bada nahikoa aukera oraindik. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat meatze eta museo Pirinioetako Burdinaren Bidearen izenpean daude, gaur egun.

Adituek diotenez, erromatarrak izan ziren Bizkaiko mendebaldeko meatzeak ustiatzen lehenengoak. Gaurdaino iraun du inguru horretan burdinaren langintzak jarduera ekonomiko nagusi moduan. Muskizen (Bizkaia) dagoen Pobal burdinolak ez du halako jarraipenik izan, 1965ean itxi baitzuten. Eraiki, aldiz, XVI. mendearen hasieran egin zuten. Teknologia berriak olan sartu ahala, aldatu egin zen bertako tresneria, produkzio beharrei eta sektorearen krisiari erantzun ahal izateko. Egun ikus daitezkeen arrastoak XIX. mendearen amaierakoak dira.

Hegoalderago, Zallan (Bizkaia), Bolunburuko dorretxea eta haren burdinola daude. Denboraren joanak burdinolan eragin agerikoa izan du. Hala ere, burdina urtzeko erabiltzen zen eraikinaren hormak zutik mantentzen dira. Olako makinak mugiarazten zituen Cadagua ibaiaren soinuak ematen du aukera garai bateko burdingileen ekina imajinatzeko.

Burdingintzak Bilbo inguruan izandako garrantziaren adierazle garbi eta ikusgarrienetako bat zubi bat da, ordea, meatze edo burdinola bat izan beharrean: Portugaleteko (Bizkaia) eta Getxoko (Bizkaia) ibaiertzak elkartzen dituen Bizkaiko Zubia. Transbordadore funtzioa egiten duen eta estruktura metalikoa duen lehen zubia da. 1893an eraiki zuten, eta ez dio funtzionatzeari utzi, ordutik. Unescok gizateriaren ondare izendatua du.

Ondare zabala du Gipuzkoak ere burdinaren inguruan, eta haren zaintzan eta zabalkundeanegiteko garrantzitsua du Legazpiko (Gipuzkoa) Lenbur fundazioak. Hark kudeatzen du, besteak beste, herri horretako Mirandaola burdinola, XVI. mendekoa. Bertan nola lan egiten zen ulertzeko gakoak ematen ditu lekuak. Euskal Burdinaren Museoa ere bisitatu daiteke. Aian (Gipuzkoa) ere zutik diraute Agorregiko burdinolak eta errotak, Pagoeta parke naturalean. Burdina lortzen zen bertan, burdin harria, egur-ikatza eta erreketako ura erabilita, eta, ondoren, burdinola txikiagoetara eramaten zuten.

Era berean, Pirinioetako Burdinaren Bideak jasoak ditu Zerainen (Gipuzkoa), Aizkorri-Aratz parke naturalaren barruan dagoen Aizpea meategia eta Beasainen (Gipuzkoa) dagoen Igartza Monumentu Multzoa. Burdinaren manipulazioa arterako tresna bihurtu zuen Eduardo Txillida eskultoreak, eta hari buruzko Txillida-Leku museoa egun itxita dago ere jasotzen du bideak.

OKZITANIA

Okzitaniako burdingintzaz aritzean, ezinbestean aipatu behar da Ouzom harana. Hainbat meatze izan ziren bertan, eta, egun, nagusietako bat izan zen Arthez d'Assonekoa bisitatzeko aukera dago. Haran berean dago Babureteko meatzea ere. Meatze hura ustiatzen zuten inguruko burdinolek, 1866an itxi zituzten arte. Ferrieres herritik hurbil dago Baburet.

Ariege departamendua ere burdinaren ekoizpenean garrantzitsua izan zen, XVI. mendetik XX. mende hasierara arte. Montgaillardeko burdinola da inguruan puntu ezagunenetako bat.

ANDORRA

Jarduera ekonomiko nagusietako bat izan zen burdinaren industria Andorran, XVII. mende hasieratik XIX. mende amaierara arte. Hori dela eta, hainbat dira herrialdean jarduera horrekin loturiko interesguneak. Bertako instituzioak, horren jakitun, burdinaren historiaren inguruko ibilbidearen bultzatzaile nagusi izan ziren, eta proiektua sustatzeko berriki aurkeztu duten elkartean ere oso modu aktiboan hartu dute parte.

Minerala eskuratzeaz gain, manipulatu eta komertzializatu ere egiten zen Andorran. Burdinari loturiko leku berezienetako bat Rosell burdinola da, ez hainbeste aktibo izan zen denboragatik, ixten azkenetakoa izan zelako baizik. 1842 eta 1846 urteen artean eraiki zuten, eta 1876ra arte izan zen zabalik, denbora gutxi batez geldirik izan bazuten ere. Egun, interpretazio zentro bat bilakatu dute sutegia, eta burdinaren transformazioaren eta ondorengo komertzializazioaren inguruko azalpenak ematen dituzte bertan, erakustaldi eta guzti. Horretarako erabiltzen ziren lan tresnak ere ikusgai daude.

Handik askorik aldendu gabe ere badira hainbat interesgune, eta aukera dago horiek ibilian lotzeko. Llortseko meatzea da horietako bat, hain zuzen ere, Rosell burdinola bertako mineralez hornitzen baitzuten. Meatzeko tunel luzeak bisitatu daitezke bertan. Llorts eta La Cortinada herrien arteko bidean daude bi leku horiek, eta baita intereseko beste zenbait puntu ere. Andorrako Burdinaren Bidearen parte dira horiek guztiak, eta baita Sant Marti de la Cortinada eliza, antzinako garraiolarien bidea eta Ordino herriko Areny-Plandolit familiaren etxea ere, egun museo bihurtua. Ezaguna zen Andorran Areny-Plandolit familia, beste hainbat gauzaren artean, herrialdeko burdinaren industrian jabetza handiak zituelako.

KATALUNIA

Landa inguruetako burdinola txikietan garatu zen, batez ere, burdinaren industria Katalunian. Beste leku askotan bezala, industri iraultzak galbidera eraman zituen olak, eta burdina lantzeko beste modu batzuk indarra hartu zutenean itxi egin behar izan zuten.

Burdinaren inguruan egon den ondarearen zati handi bat berreskuratzea eta mantentzea lortu da, hala ere, Kataluniako Zientzia eta Teknikaren Museoari esker, hein handi batean. Hark kudeatzen ditu burdinari loturiko bi gune nagusiak: Cercseko meatzeen museoa eta Ripoll herriko Palau burdinola.

Ikatzaren ustiapenerako erabiltzen zen lehenengoa, eta, egun, meatzarien orduko bizitzaren hainbat arlo ukitzen ditu museoak, ibilbide baten bidez: meatzarien egunerokoa, enpresaren funtzionamendua, langileen etxeak...

Gironako Ripoll hirian dagoen Palau burdinola ere jasota dago Pirinioetako Burdinaren Bideko interesguneen artean. Historia luzea du; XVII. mendean sortu zuten, eta 1978ra arte zabalik izan zuten. Burdinazko askotariko produktuak egiten ziren bertan: su armak, giltzak, hesiak... Horrez gain, plantxen bidez kobrezko piezak sortzen zituen Kataluniako burdinola bakarra izan zen, XX. mendeko bigarren erdira arte. Orduko lantegia barrutik ezagut daiteke gaur egun. Handik hurbil, lantegiak bere funtzionamendurako beharrezkoa zuen uraren mekanismoa ere ikusgai dago. Bigarren funtzio bat ere egiten zuen urak, hura mugitzean sortzen zen haizea aprobetxatzen baitzuten burdinolako labeko sua piztuta mantentzeko. Bisita gidatu bat eskaintzen dute bertan, eta azaltzen dute nola berotzen zuen labeak burdina, ondoren forma eman ahal izateko bezain malgua izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.