Garatarren porrotak

mikel p ansa
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Monarkiak uzkaili eta aintzinako erregimena deusezteko bidea izan ziren errepublika eta konstituzioak, 1789ko Frantziako iraultza abiaburu. Euskal herritar zenbaitek gogoz hartu zuten, Garat anaiek esaterako. Dominique Joseph Garat Justizia ministro izan zen —Luis XVI.aren heriotza epaia irakurtzea egokitu zitzaion—, eta bere postua baliatu nahi izan zuen Ipar Euskal Herriko probintzientzat departamentua eskuratzeko. Alferrik. XIX. mende hasierako lehen urteetan, berriz, Napoleon Bonaparte enperadoreari txostenak ere egin zizkion, Euskal Herriko zazpi probintziak Fenizia Berria izeneko administrazio batean biltzeko. Alferrik orduan ere.

Liberalek Frantziara batzeko ahalegin gehiago egin zituzten. Batzar Nagusiek Frantziara batzea galdegin zuten, 1794an, errepublika gisa. Alferrik orduan ere. Jakobinismoaren bidetik, hezkuntza eredu bakarra, hizkuntza bakarra eta elizaren kontrako borroka gaitza egin zituen Parisek.

Errepublikazale asko sortu ziren Ipar Euskal Herrian, hala ere. Agosti Xaho idazle eta ekintzailea da ezagunenetako bat, euskarazko lehen kazeta argitaratu eta bere pentsamenduak argi idatzi zituena: «Nork oihu eginen du, azkenian, errege-erreginak eta heien partidario tontoak edo abariziosoak akazatu ondoan: Biba independentzia! Biba errepublika! Biba Eskual Herria!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.