Mari Jose Cano. Fedeafesko kudeatzailea

«Pertsonen bakartzea saihestea da helburu nagusia»

arantxa iraola
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan buruko eriak eta haien senitartekoak batzen dituzten elkarteen Fedeafes federazioko kudeatzailea da Maria Jose Cano (Almendralejo, Espainia, 1966). Elkarte horietan, hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiete buruko gaixoei, eta guztiz birmoldatu behar izan dituzte konfinamenduaren ondorioz.

Nola birmoldatu behar izan da buruko erientzako arta egoera honetan?

Bada jendea oso atxikia dagoena errutina jakin batzuei, eta usu errutina horien barruan dago, esaterako, egunero-egunero zentro batera-edo joatea. Horietara ezin da joan orain, eta indartu egin behar izan da erabiltzaile horiei zuzenduriko arta, baina beste modu batera. Ahal den guztietan, telefonoa eta teknologia berriak erabiltzen dira, baina bada jendea horietara ohitu gabe dagoena. Ororen gainetik, pertsona horiek ez bakartzea da helburu nagusia. Bakartzera egiten badute, arriskua dago hainbat urtetan egindako prozesuetan atzera egiteko. Arta presentziala ere badago: esaterako, erabiltzaileak elkarrekin bizitzeko antolatuta dauden etxebizitzetan, eta hainbat larrialdiri erantzuteko garaian.

Osasun sistema zer moduzko arta ematen ari zaie itxialdi honetan buruko eriei?

Guri heltzen ari zaigunaren arabera, badakigu zenbait pertsonari deitu egin dietela; konfinamendua zer moduz daramaten-eta galdetu diete telefono bidez. Oro har, besterik ez dakigu guk. Kezka eragin digu, hala ere, jakiteak hainbat erietxetan akutuentzakoburuko osasuneko zenbait zerbitzu bertan behera geratu direla COVID-19aren ondorioz; ohe batzuk kendu egin dituzte. Ez genuke nahi ospitalean egun batzuk igarotzea behar duen inor, egoera hau dela kausa, horretarako erarik gabe geratzea. Erne egotea dagokigu. Buruko eriren bat birusarekin gaixotzen bada, halaber, inolako diskriminaziorik ez izatea nahi dugu: haiek ere gainerako pazienteen tratu bera izatea. Erne gaude alde horretatikl ere.

Zailtasun erantsiak baditu buruko gaixoentzat konfinamenduan jarraitu beharrak?

Bakartzearekin lotuta, badira pertsonak teknologia berrien bidez saihesten dutenak egoera hori, baina teknologia horiekiko atxikimendua behar da horretarako, eta bada horrelakorik ez duenik. Zenbait abilidaderen falta ere izan dezakete zenbaitetan; horregatik, elkarteetatik ahalegina egiten ari gara orain ere haien ondoan egoteko. Ondo egiten ez bada, atzera egin dezakete beren egonkortasunean, beren gaixotasunean. Horretan laguntze aldera, beren senitartekoekin batera bizi diren erabiltzaileei begira, haiekin ere bagaude harremanetan.

Legez, atera daitezke kalera buruko gaitzak-eta dituztenak. Autismoa-eta dutenei ireki zitzaien zirrikitu horretan atea...

Hori egokia dela dioen medikuaren txosten bat badute, atera daitezke kalera, bai. Zenbait kasutan beharrezkoa da, eta garrantzitsua da ingurukoek ulertzea. Guk, oro har, defendatu dugu garrantzitsua dela jendea etxean geratzea, baina profesional batek baloratu badu paziente hori ateratzea komeni dela, aintzat hartu beharreko salbuespena da.

Ari zarete zerbitzuei eusten, nolabait ere. Behin lehengora bueltatuta, zein izango da egoera?

Erabiltzaileak zer moduz datozen ikusi beharko da. Apika, batzuek berriz lehengora egokitzeko boladatxo bat beharko dute. Baina kontaktuari eutsi zaio, jarduerei ere bai ahal izan den neurrian, eta, ondorioz, horrelako arazoak urriak izatea espero dugu.

Adingabeentzako buruko osasun artan dauden gabeziez ohartazi izan duzue. Ba al dakizue zer moduz egon diren paziente horiek aldi honetan?

Esan izan dugu eremu horri erreparatu behar zaiola, bai, gabeziak atzeman baititugu. Konfinamenduarekin lotuta, ez zaigu aparteko albisterik iritsi alor horretan, baina badira egoera zailak. Pentsatzekoa da nerabeek teknologia berrien kontrol ona dutela, eta horrek lagundu egin diela konfinamendu aro honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.