Maite Elizondo.
PENTSALDIAN

Kolore emozionalak

2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
«Zein argi distiratsua dagoen gaur», «ze gustura pasieran, neguko beroki potoloak erantzita», «txorien kantua entzuteak irribarrea eragiten dit goizetik»... Halako esaldi animotsuak entzuten ditugu maiz udaberri hasieran. Gehienok aldarte baikorra nabaritzen dugu urtaro honetan, tenperatura goxatzeak eta egunak luzatzeak, aire zabalean planak egiteko aukerak eta sozializatzeko gogoak areagotzen dizkigu maiz. Umorean nabaritzen dugun aldaketa honek prozesu neurokimiko batekin badu zerikusirik: kanpotik jasotzen ditugun estimulu hauek udaberrian zenbait neurotransmisoreren eta hormonen dantza ere estimulatzen du: besteak beste, serotonina, dopamina eta oxitozina kanporatzen ditugu neguan baino gehiago, plazeraren zirkuituak aktibatzeko osagaiak eskainiz.

Pertsona batzuengan, aldiz, kontrako eragina sorraraz dezake: eguzkiaren argiak melatoninaren areagotzea eragiten du, loaren nahia gehituz. Gorputzak energia gehiago kontsumitzen du askotan, neke eta ahuleziaren sentsazioak nabarmenduz, emozionalki baxuago sentitzera eramanez.

Beraz, udaberriaren atari honek aldartean kolore ezberdinak sentitzeko aukerak pitz ditzake. Baina, noski, sentitzen duguna ez da kanpotik jasotzen dugunaren ondorioa soilik.

Bada leihotxo bat, Daniel J. Siegel psikiatrak tolerantziarenleihoa goitizenarekin izendatu zuena. Esparru honen ezagutzak aukera ematen digu norberaren emozioen kudeaketan eragile izateko. Tolerantziaren leihoaren metaforak adierazten du bizi ditugun gertaerak, emozionalki, modu egokian bizitzeko gaitasuna: intentsitate eramangarri batez, emozio atsegin edo desatseginak kudeatzeko baliabide pertsonalak martxan jarriz.

Zenbait bizipenen aurrean emozionalki gaindituta sentitzen gara, ordea, leihoaren ertzak gaindituz, hiperaktibazioagatik batzuetan (nerbio sistema sinpatikoa areagotzearekin batera, areago sentitzen dira haserrea, lotsa, amorrua...) eta hipoaktibazioagatik besteetan (nerbio sistema parasinpatikoa handiagotuz, blokeo emozionala sentitzera eramanez).

Baina gizakiok badugu altxor zoragarri eta eraginkor bat: ikasteko gaitasuna, beharrezko tresna pertsonalak barneratu eta leihoaren dimentsioak zabaltzeko ahalmena.

Azken urteetan, emozio gordin asko bizi izan ditugu, eta, segur aski, konturatu gabe, leihoaren egitura txikitu dugu, denboran luzatu diren ondoezen ondorioz. Balia ditzagun tresna eraginkor horiek gure leihoaren mugak zabaldu eta ongizate biopsikosozial osasuntsuaz gozatzeko.

Entzun dezagun gure barrena, gure pentsamenduak eta gorputzaren ahotsa: zerk izutzen edo kezkatzen gaituen, zerk eragiten digun gozamena eta irribarrea. Erabil dezagun komunikazioa emozio hauei kanpora ateratzeko bidea erraztuz: hitzez, musikaz, dantzaz, margoaz... Poliki-poliki saia gaitezen erresilientziaren leiho hau zabaltzen, norberak dituen kolore emozional guztiekin disfrutatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.