Euriak hustu egin ditu kaleak

Eguraldi kaskarra izan dute Gernika-Lumoko urriko azken asteleheneko azokan. Udalaren arabera, 55.000 pertsona inguratu dira, azken urteetako kopururik txikiena. Azkarra gaztandegiak irabazi du gaztarik onenaren saria, eta Xaibor disko festak erosi du, 5.607 euroren truke.
<b>Sasoian sasoikoa.</b> Nekazariek sasoiko produktuak eraman zituzten atzo Gernika-Lumora.
Sasoian sasoikoa. Nekazariek sasoiko produktuak eraman zituzten atzo Gernika-Lumora. ARITZ LOIOLA / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urriak 30
Postu ugari erdi hutsik/ Eta tabernak beteta». Gernika-Lumoko (Bizkaia) urriko azken asteleheneko argazkia bertso baten amaieran eman zuen atzo eguerdian Sebastian Lizaso bertsolariak. Taula gainean bertso kide zituen Andoni Egaña eta Oihana Iguaran, eta parez pare ehunka pertsona euren jarduna entzuten. Tarteka aterkiak zabalik, tarteka itxita zituztela. Eta Lizasok egindako deskribapena Egañak amaitu zuen beste bertso batean: «Tabernara joan beharra dauka/ postuetan dagoenak ere».

Bertatik bertara bizitu zuten bertsolariek atzo Gernika-Lumon zegoen giroa. Urriak azken astelehena zuen, eta horrek berezi egiten du Busturialdeko herria. Jendetza batu ohi da han egiten den azokan, baina atzokoa salbuespena izan zen. Udalak emandako datuen arabera, 55.000 pertsona batu ziren; iazko 88.000tik urrun dago datua. Eguraldiak ez zuen lagundu jendea erakartzeko garaian, eta, horregatik, saltzaileak ez zeuden gustura. «Gutxiago saltzen gabiltza, hori garbi dago; jendea badago, baina ez asko, eta guk daukagun produktua, gainera, txakolina, eguraldi honekin ez da ondo saltzen». Alex Mestraitua Urdaibai txakolin upategiko kidea ez zegoen batere pozik.

Euria eta hotza izan ziren atzoko osagai nagusiak, eta momentu batzuetan baita kazkabarra ere. Giro ezatseginaren eraginez, urriko azken astelehenak izan ohi duen itxuratik gutxi izan zuen. Kaleek eta salmenta postuek izan ohi dituzten jende ilara gutxi ikus zitezkeen, eta hori ez zen erakusmahaiaren atzean zeudenen gustukoa izan. Nieves Etxebarria Maruri-Jatabeko (Bizkaia) baserritarrak, hala ere, bertan egon behar zela esan zuen: «Plaza ona da, baina aurten zorte txarra eduki dugu; etorriko da beste urteren bat hobea!». Zegoen jenderako salmentak onak izaten ari zirela onartu zuen.

Nekazaritza produktuen salmentan zein eskulangileen kasuan, berdin. Bietan egin baitzuen euria igual. Larrua lantzen duen Edurne Garate eskulangileak hitz positiboak zituen, hala ere: «Salmentak poliki badoaz ere, ondo doaz; azken batean, eskulanak saldu egiten dira». Eguraldi hobearekin salmentak beste era batekoak izango zirela onartu zuen, baina, hala ere, ez zuen kexatu nahi izan.

Gazta osagai nagusi

Eguraldiak arreta guztia bereganatu arren, atzoko azokako osagai nagusia gazta izan zen. 52 artzain edo gaztandegik jarri zuten postua bertan. Horietako baten atzean zegoen Julian Ajuriagerra, Altonoste gaztandegiko artzaina. «Dagoen eguraldirako ondo doa eguna, eguraldi eskasa baita; hala ere, harrituta nago azken momentuan zenbat jende datorren». Gazta lehiaketan ez zuen saririk lortu, baina saririk onena salmentak direla aitortu zuen Ajuriagerrak.

Saria lortu zuena, ordea, Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegiko Gorka Azurmendi izan zen. Bigarren geratu zen Legazpiko Aitor Mantxola (Gipuzkoa), eta bien gazta erdiak enkantera atera zirenean Xaibor disko festak erosi zituen. 5.607 euro gazta irabazlearen truke, eta 777 euro bigarren saria lortu zuenaren truke. Denetara 6.384 euro gastatu zituen Xaiborrek lehen bi gazten truke.