Itzuli da Mayumana, Israelen apartheidaren aurpegi atsegina

Diego Idoate
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Mayumana, Israelen apartheidaren aurpegi atsegina, itzuli da. Datorren apirilaren 8an eta 9an Mayumana talde israeldarrak joko du Navarra Arenan. Ez da gure hirira etortzen den lehendabiziko aldia eta beste behin etorriko da antzerki, dantza eta perkusio konpainia multikultural gisa. Eztabaidaezina da Mayumanaren irudi «atseginak» nazioarteko legedia urratzen ari den herrialde batekin eta arrazismo eta diskriminazio-politikak burutzen dituen estatu batekin duen lotura. Mayumana ezin da bereizi Israelgo gobernuen politikek erabili duten irudi txarra «normalizatzeko» edo leuntzeko saiakera horretatik.

Zer dago benetan talde honen atzean? Lehenik eta behin, haien egoitza antzoki bihurtutako Jaffa hiriko biltoki bat da. 1948an, 70.000 arabiar biztanleriaren gehiengoak izututa ihes egin behar izan zuen Irguneko sionistak aurreratzen zihoazen heinean; izan ere, etxez etxe basakeria osoz garbiketa etnikoa egiten zuten. Taldeak sekula ez du indarkeria honen aipurik egin, ez eta Israelgo gobernuek gauzatu dituzten ekintza kriminalen inguruan ere. «Ez da haren egitekoa», esan daiteke. Egia da, baina alde batean ere ez da gelditu; izan ere, ekintza ugari egin ditu sionismoa berresteko eta politika horiei inplizituki laguntzeko.

Hala, 2011ko ekainean, Israelgo lehen zentral fotovoltaikoaren inaugurazioan parte hartu zuen Kibbutz Keturan (oso deigarria da bideoa, non dantzarietako batek harrotasunez erakusten duen David Ben-Gurionen argazki bat, 1948ko garbiketa etnikoa egin zuen Israelgo armadaren buru zena). Edo 2020an AEBek Jerusalem Israelgo hiriburutzat hartu zutela ospatzeko egin zuen emanaldia taldeak. Zehazki, Jerusalemgo alde zaharrean (Palestinako hiriburua) hainbat emanaldi eta ekitaldi sinboliko egin ditu, hiriari eman nahi zaion izaera judua berresteko, eta Jerusalemgo Argiaren Jaialdian ere agertu da. Konpainiako kide batzuek aktiboki parte hartu dute Israelen ezaugarri den giza eskubideen urraketa eta palestinarrenganako indarkeria prozesu horretan. Hala, Tzachi Halevy abeslari eta aktorea, zerbitzu militarrean ibili ondoren, Sanson Unitatearekin elkartu zen indar berezietan. Unitate horrek ekintza militarrak eta terroristak egin zituen Gazan. Gerora, ofizial gisa ibili zen Duvdevan Unitatean, palestinarren aurkako operazioak eginez. Gainera, taldekide gehienek hiru urteko soldadutza egin dute Israelgo armadan, agindu guztiak betez.

Mayumanak apolitiko eta kulturarteko izaera duen talde gisa aurkezten du bere burua, baina, beste artista batzuek bezala, konplizitate osoz jokatzen du Israelgo Estatuaren politika genozidioaren aurrean, eta, aldi berean, pribilegio garrantzitsuak ditu, saldu nahi duen beste Israel horren erakusleiho bilakatu baita.

Sarritan emanaldia duten hirietan jasotzen duten boikotaren aurrean, «Mayumanako kideak trebeak dira manifestatzaileekiko interakzioa saihesteko. Ez dute erantzuten politikari buruz, eta nork bere buruarentzat gordetzen ditu iritziak», esan zuten Israelgo Haaretz egunkarian 2015ean. Baina, Hegoafrikako Desmond Tutu artzapezpikuak esan zuen bezala: «Injustizia-egoeretan neutrala bazara, zapaltzailearen aldea hautatu duzu».

Horregatik Euskal Herriko BDZtik boikota eskatzen diegu berriro Mayumanari eta Israelgo gainerako kultura-produktuei, erregimen hau ezkutatzea «normalizatzen» laguntzen baitute. Nafarroa Arenako emanaldira ez joatea mezu argia da beraientzat. Herrien boikotak bakarrik amaitu zuen Hegoafrikako apartheida. Eta gobernarien konplizitatea Israelgo krimenekin zein den ikusirik, beren produktu ekonomikoari, kulturari, ikasketei eta kirolei boikota egitea besterik ez zaigu gelditzen Israelgo apartheida bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.