Kataluniako erreferenduma. Lanuztea Katalunian

Abiatu aurreko geldialdia

Jendetza elkartu da Kataluniako hiri eta herrietan, igandeko bozketan poliziek erabilitako indarkeria gaitzesteko. Lanuzte orokorrak babes handia izan du herrialde osoan eta sektore gehienetan

Hainbat manifestari Espainiako Poliziaren egoitza baten aurretik igarotzen, atzo, Bartzelonan, igandeko errepresioa salatzeko lanuztean. JUAN CARLOS CÁRDELNAS / EFE.
jon olano
Bartzelona
2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
«Greba orokorra» edo «lanuzte orokorra» egiteko, milaka eta milaka herritar irten ziren atzo kalera, urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak erabilitako indarkeria gaitzesteko eta bozketa egunean zauritutako 893 lagunei elkartasuna adierazteko. Jendetza elkartu zen Kataluniako hainbat herri eta hiritan antolatutako manifestazioetan, eta horrek isla izan zuen lan jardunaren etenean. Sektore batzuetan, industrian kasurako, ia erabatekoa izan zen lanuztea, eta herrialdeko dozenaka errepide eten zituzten.

Bi deialdi egin zituzten. Batetik, sindikatu nagusiek, patronal batzuek, elkarte subiranistek eta Taula per la Democracia plataforman batutako beste hainbat gizarte taldek; bertan daude ANC Kataluniako Biltzar Nazionala eta Omnium Cultural bi erakunde subiranista nagusiak, CCOOk eta UGTk. Bestetik, greba orokor batera deitu zuten sindikatu txikiek: CGTk eta COS, Intersindical CSC eta IAC subiranistak.

Jarraipena «masiboa» izan zen lurralde osoan, Kataluniako Gobernuaren esanetan: langile publikoen eta tokiko administrazioetako hamar beharginetik zazpi ez ziren lanera joan. CECOT patronalaren arabera, %96 izan zen jarraipena industrian, eta %95 eraikuntzan. Zerbitzuetan, berriz, apalagoa: bost langiletik lauk egin zuten greba. Dolors Bassa Lan kontseilariaren hitzetan, lanuztea «hitzarmen sozialaren adibide» izan zen, «enpresarien eta langileen arteko akordioen» bidez gauzatu zenez gero. Bestelako iritzia du Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak. Haren hitzetan, «minoritarioa» izan da lanuztearen babesa, eta «hainbat ekintza bandaliko» salatu zituen.

Ia 60 errepide trabatuta

Errepideak izan ziren etenaldiaren ardatzetako bat. Guztira, 52 bide eten zituzten, eta bosten zirkulazioa oztopatu; horien artean, garrantzitsuenak: AP-7, A-2, C-25 eta B-23a. Goizean, AP-7a eten zuten 400 lagunek Pont de Molinsen bi noranzkoetan, eta, herri berean, traktoreek N-IIa. Beste garraiobide batzuetan ere nabaritu zen: %85,9k babestu zuten deialdia Kataluniako Gobernuko tren sarean, eta %52k Bartzelonako metroan. Hiriburuan, autobus zerbitzuetako hamar langiletik zazpik ez zuten egin lanik. Bartzelonako portuan, gutxieneko zerbitzuek baino ez zuten lanik egin; El Prat aireportuan, ordea, normaltasuna izan zen nagusi, eta apenas izan zuen eraginik grebak. Hezkuntza publikoan, ezein ikastetxetan ez zuten izan ohiko jardunik, eta, guraso elkarteekin ados jarri ez ziren eskoletan, gutxieneko zerbitzuak bete zituzten. Unibertsitate publiko guztiek egin zuten bat lanuztearekin. Osasun arloan, lau langile publikotik hiruk babestu zuten greba, eta beste hainbestek justizia administrazioan.

Eragin ekonomikoaz gain, kalean ere izan dute isla deialdiek. Bartzelonan, hirian zehar barreiatuta egin dituzte hainbat protesta: CGTk deituta PPren egoitzaren aurrean, Universitats Per la Republica plataformak deituta erdigunean eginikoa eta Ramon Llull eskolatik abiatutakoa, kasurako. Ikastetxe horretan izan zen Espainiako Poliziaren lehen oldarraldia autodeterminazio erreferenduma eragozteko, eta, atzo, loreak jarri zituzten han, martxa hasi aurretik. Manifestazioan, legebiltzarreraino joan ziren, baina, aurretik, Via Laietanan Espainiako Poliziak duen komisariatik igaro. Han etenaldia eginda, txistuka eta oihuka hasi zitzaizkien poliziei, besteak beste egoitza hori «liburutegi bat» izango dela Katalunia estatu independente izatean. Orotara, goizeko manifestazioetan, 300.000 herritarrek hartu zuten parte, Udaltzaingoaren esanetan.

Protestak herrialde osoan

Hiriburuan ez ezik, beste hainbat lekutan ere izan dira mobilizazioak. 60.000 lagun inguru elkartu ziren Gironako Katalunia plazan, igandeko indarkeria salatzeko, eta beste 3.000 Verd eskolaren atarian. 40 pertsona zauritu zituzten bertan poliziek. Neurri bat emateko: 90.000 biztanle bizi dira Girona hiriburuan, eta historikotzat jo dute atzoko protesta. Baita Lleidan ere; hiriburuan, 45.000 pertsona elkartu zirenmanifestazioan, eta saltokien %90ek egin zuten bat lanuztearekin. Manresan, 30.000 izan ziren kalera irtendakoak, eta 25.000 inguruk egin zuten protesta Sabadellen, Udaltzaingoaren arabera. Terrassan, berriz, 15.000. Roquetes eta Tortosan, Vicen, Badalonan, Oloten, Cerdanyolan, Rubin, Bergan... herri askotan egin zituzten martxak; Vilalba Sasserran, adibidez, 700 herritar bizi dira, eta atzo 3.000 lagun batu ziren. Esteladak nagusi baziren ere, protesta horietako ugaritan ikusi ziren Espainiako bandera zeramaten herritarrak.

Protestak Herrialde Katalanetako beste hiri batzuetara zabaldu ziren. Esaterako, 500 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkaritzaren aurrean. Perpinyan, berriz, 400 lagunek egin zuten protesta.

Ezein mobilizaziotan ez zen gertatu istilurik. Goizetik, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteak dei egin zuen «lasaitasunari eustera» eta «probokazioak» saihestera: «Joan zaitezte manifestazioetara gure gizartearen ezaugarri den lasaitasun osoz», idatzi zuen sare sozialetan. Bassak ere eskaera bera egin zuen: «Edozein liskar ikusiz gero, ez egin bat eta geldiarazi». Jordi Sanchez ANCko presidenteak ere ohartarazi zuen liskarrak sortzeko arriskuaz: «Badakigu Espainiako Gobernua urduri dagoela jarrera baketsu hau ikusten. Grebak ez du inolako istilu larririk eragin, eta ziur asmo txarreko batzuek bake hori eten nahi dutela pertsonak infiltratuta. Milaka agente dituzte, kalez jantzita irten daitezkeenak eta probokazioak sor dezaketenak». Egunean zehar ugaritu egin ziren lasai jokatzeko mezuak, zabaldu baitzen kalez jantzitako poliziak mobilizazioetara zihoazela, istiluak eragiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.