Marteraino eta harago

Dirudunak, guruak. Aitzindariak, ameslariak, ekintzaileak... Lezio emaile ugari daude aberatsen artean, eta are gehiago dira teknologia berriekin sortutako enpresa erraldoietan.

2018ko otsailean Muskek espazioratu zuen autoaren argazkia. SPACE X.
Irune Lasa.
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Marten hil nahi luke Elon Muskek. Teslaren sortzailea lotsagabeago agertu ohi da Bill Gates, Jeff Bezos eta teknologiei eta sare sozialei lotutako beste aberatsak baino. Sarriago hitz egiten, txiokatzen du, eta formaltasun gutxiagorekin. Eta horrekin, argi eta garbi ikusten da zer pentsatzen duen Muskek bere buruaz —eta besteez—.

Iaz esan zuen harrituko litzatekeela «bost urteren buruan» SpaceX Marteratzea. Halako iragarpen ahoberoengatik ezaguna da Teslaren sortzailea, eta urteak daramatza Marteri buruzkoekin; burmuinean ezarriko diren txipak iragartzen; giza adimenaren eta adimen artifizialaren sinbiosia izango diren ziborgez hitz egiten...

Ez baitu bere burua handi-mandi diletante gisa ikusten. Bera ameslaria da, ekintzailea, esploratzailea, buruargia, mundua eta etorkizuna aldatuko dituen aitzindaria. Zerbait ezberdina, hobeagoa ez esatearren.

Edonola ere, mundutik aura balute bezala ibiltzen diren guru ustekoak ez dira gutxi enpresa teknologiko handi arrakastatsuen buruzagitzetan eta munduko aberatsenen Forbes zerrenda ezagunean.

Transhumanismoak edo posthumanismoak baditu jarraitzaileak zerrenda horretan; eta badaude Ayn Rand (1905-1982) idazlearen zaleak ere, zeinak libertarianismoaren, nagusitasunaren eta berekoikeriaren gorazarrea egiten baitzuen.

Elon Muskek behin baino gehiagotan aipatu izan du Rand; Appleren sortzaile Steve Jobs ezagunarentzat inspirazioa izan omen ziren haren liburuak; PayPalen sortzaile Peter Thiel ere Randen mireslea da. Uberreko buruzagi Travis Kalanick, Twitterren fundatzaile Jack Dorsey...

Ayn Randek estatu ahalik eta txikiena eta laissez faire-a defenditzen zituen neoliberalismoaren hasieran, eta jarraitzaile dezente izan zituen 1980ko urteetan. Gero, berriz ere, Rand ideien itzala antzeman zitekeen Donald Trump Etxe Zurira eramango zuen mugimenduan, eta Trumpek berak aitortu izan du haren mireslea dela.

Enpresa teknologikoei lotutako aberatsek, orain, beste begirada batekin ulertzen dute Randen filosofia. Vanity Fair aldizkariak 2016an dirudun haiei buruz egindako artikulu batean esplikatzen zuen zergatik. «Muinean, Randen filosofiak iradokitzen du ondo dagoela berekoia izatea, zikoitza eta interesatua izatea negozioetan batez ere. Kosta ahala kosta irabazteko mentalitate hori da gizarteko arauak aldatzearen prezioa». Aitzindaritzaren ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.