maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Eskuak lokatzetan

2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Haizeari, kazkabarrari eta lokatzari aurre eginez milatik gora gazte elkartu gara asteburuan Oiartzunen egindako Gazte Akelarrean. Ernaik eta Aitzinak antolatuta, gozatu dugu hainbat hitzaldiz, tailerrez, bazkariz, txandaz eta kontzertuz. Eman diogu buelta erauntsiari umorez, eta etxera itzuli gara, beste urte batez, nostalgia eder batekin motxilan. Eta mezu batekin buruan ere bai: egunerokotasuneko su txikiak pizt ditzagula norberak bere herrian eta esparruan, independentziaren bidea pixkanaka argitzeko.

Hiru su txikirekin egin nuen nik topo Gazte Akelarrean. Lehenarekin, muntaketan eta txandetan: lan egiten ari ginenon jarduna goxatzeko kafea eta salda banatzen aritzen zen zaintza lantalde bat, edari beroaz gain irribarreak ere oparitzen ibili dena asteburuan zehar. Eta baita muntaketako egunetan ere: bazkari eta afari ederrak eskaini dizkiete lan egiten ari zirenei. Sukaldean egin nuen topo bigarren su txikiarekin: tokiko produktu iraunkorrak ekarri eta zerbitzatu zituzten gazte bazkarian, ogitartekoetan… Kopuru handian eta onak, gainera. Eta hirugarren sua, gazteen parte hartzearena: hitzaldiak ematen, baina batez ere musikari eta artista gisa hamaika txoko eskaini zitzaizkien gazte sortzaileei eta emakumeei, plazako txosnagunetik hasita karpa handiraino.

Txikiak dira aipaturiko suak, bai, baina balio kolektiboak teoriatik praktikara eraman daitezkeenaren seinale eta erakusle dira. Eta ez froga gisa soilik: martxan jarri nahi dugun herri ereduaren lehenengo hazi erreal ere badira. Egingo genituen gauzak gaizki, seguru: besta eredua ez da izanen agian munduko askatzaileena, eta bi eguneko jaialdibatek ez gaitu eramango zuzenean independentziara, noski.Baina indarberrituta gatoz etxera, nekatuta eta zikin, eskuak lokatzetan ibiltzeagatik. Laster buztin bilakatuko den lohia, herri honen zimenduak eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.