LARREPETIT

Eskuak lokatzetan

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko apirilak 4
Haizeari, kazkabarrari eta lokatzari aurre eginez milatik gora gazte elkartu gara asteburuan Oiartzunen egindako Gazte Akelarrean. Ernaik eta Aitzinak antolatuta, gozatu dugu hainbat hitzaldiz, tailerrez, bazkariz, txandaz eta kontzertuz. Eman diogu buelta erauntsiari umorez, eta etxera itzuli gara, beste urte batez, nostalgia eder batekin motxilan. Eta mezu batekin buruan ere bai: egunerokotasuneko su txikiak pizt ditzagula norberak bere herrian eta esparruan, independentziaren bidea pixkanaka argitzeko.

Hiru su txikirekin egin nuen nik topo Gazte Akelarrean. Lehenarekin, muntaketan eta txandetan: lan egiten ari ginenon jarduna goxatzeko kafea eta salda banatzen aritzen zen zaintza lantalde bat, edari beroaz gain irribarreak ere oparitzen ibili dena asteburuan zehar. Eta baita muntaketako egunetan ere: bazkari eta afari ederrak eskaini dizkiete lan egiten ari zirenei. Sukaldean egin nuen topo bigarren su txikiarekin: tokiko produktu iraunkorrak ekarri eta zerbitzatu zituzten gazte bazkarian, ogitartekoetan… Kopuru handian eta onak, gainera. Eta hirugarren sua, gazteen parte hartzearena: hitzaldiak ematen, baina batez ere musikari eta artista gisa hamaika txoko eskaini zitzaizkien gazte sortzaileei eta emakumeei, plazako txosnagunetik hasita karpa handiraino.

Txikiak dira aipaturiko suak, bai, baina balio kolektiboak teoriatik praktikara eraman daitezkeenaren seinale eta erakusle dira. Eta ez froga gisa soilik: martxan jarri nahi dugun herri ereduaren lehenengo hazi erreal ere badira. Egingo genituen gauzak gaizki, seguru: besta eredua ez da izanen agian munduko askatzaileena, eta bi eguneko jaialdi batek ez gaitu eramango zuzenean independentziara, noski. Baina indarberrituta gatoz etxera, nekatuta eta zikin, eskuak lokatzetan ibiltzeagatik. Laster buztin bilakatuko den lohia, herri honen zimenduak eraikitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna