maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Katalunia txiki bat

2017ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ez da nik esana; azken egunotan behin eta berriro entzun diet Herrialde Katalanetako politikari eta herritarrei komunikabideen ahotan: Kataluniako independentistak areagotu egiten dira Espainiak ematen duen kolpe zakar bakoitzeko. Eta Espainiako estiloa, izan, bada zakarra. Beti izan da horrela.

Entzun dudan beste gauzetariko bat: lehenago ez al zen konturatu Espainia katalanak benetan ari zirela? Aitortu behar dut: ni ere ez nintzen erabat konturatua zenbateraino ari ziren serio, joan den asteazkenean Vilaweb kazetako Vicent Partali Andoaingo hitzaldian hainbesteko determinismoa eta ziurtasuna sumatu nion arte. Galdera ez zela erreferenduma egingo ote zuten, baizik eta nola egingo zuten espainiarrek hura galarazteko; botatako azalpen ederretako bat, adibidez. Beste hamaika deskribapen ere bai: nola daukaten aurretik guztia prestatuta (ez orain, baizik eta prozesuaren hasieretatik ia), liburu zurian fin idatzita... gertatuko dena hatz puntekin ukitzeraino, erabat harrapatu arte.

Azken asteotan argi daukat nik ere: baietz, egingo dutela, eta gainera lortuko dutela; agian, espero dut. Edo berehala lortzen ez badute behintzat, saiatu izanen dira, eta ziur beste zirrikituren bat aurkitzen dutela hor zehar, egindako aurrerapauso askok ez baitaukate atzera bueltarik.

Mediterraneo aldera inbidia puntu batez begiratzen dudala ezin uka. Nahiko nukeela haiek bezala egotea puntu batzuetan, nahiz errealitatea ezberdina izan. Ez da komeni idealizatzea, ordea, eta horretarako haiengandik gehiago ikastea, beste erremediorik ez. Horretarako aukera ederra izango da gaurtik igandera bitarte asCATasunera asterako Donostian prestatu dutena: janzteko hamaika hitzaldi, eta hango haizez zipriztintzeko beste hainbat ekitaldi kultural. Katalunia zati bat ekarri baitute Intxaurrondora; Euskal Herria bihurtzeko, ahal bada, Katalunia txiki bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.