Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Herri bat bertsotan

Publizitatea

Iritzia

LARREPETIT

Herri bat bertsotan

 
Euskaldun anti-bertsolari batzuek esango luketen bezala, hasi gara berriro ere bertsozaleok kaka ematen txapelketarekin. Bertso afari, bertso bazkari, bertso-triki-poteo eta bertso musikatuekin aski ez, eta astebururoko kanporaketekin komunikabide eta kale ertz guztiak ere konkistatu baititugu azken asteotan. Lau urtean behin bakarrik baita —eta agian eskerrak— txapelketa nagusia, baina oharkabean pasatzeko modukoa ez, hori seguru.

Bertsoaren orbitatik kanpora daudenek ere entzun edo irakurriko baitzituzten Maialen Lujanbiok argia pizterakoan dena hankaz gora jarri izanari botatako bertsoak, zeinak gainditzen baitituzte errimaren, doinuaren eta puntuaketaren mugak (puntuek berek ere erakutsi dute). Bestela esan zergatik sortu duten hainbeste harrabots bertso joskera eta bukaera gogoangarriek. «Gizona eta andrea nauzu, ez andrea, ez gizona/Nire inon ez egon nahia ote da zure ezinegona» ez da bertsoa soilik, zerbait gehiago da.

Bertsoa ez delako egitura bakarrik. Bertsoa da kritika, da komunikazioa, da umorea, dira emozioak eta sentimenduak... bertsoa gauza asko dira. Eta gaien aldetik bakarrik ez, aurtengo txapelketa nagusia ere beste gauza batzuk erakusten ari da. Saioak eginez Baigorrin, Leitzan, Bastidan, Irunen, Zallan, Maulen, Durangon, Barakaldon... eta tamalez zazpi ez, baina bai bost lurraldetako bertsolariekin, lurralde bat ari da marrazten asteburuz asteburu.

Eta bertsoa ere badira lagunak, harremanak eta horiek alde batetik bestera sortzen dituzten zubiak. Eta bertsoa dira gai emaileak, epaileak, antolatzaileak, komunikabideak... baina baita ere genero lantaldea, bertso eskolak, udalekuak... hezkuntza eta politika, funtsean. Eta ados ez dagoena joan dadila abenduaren 17an BECera, hori guztia begi-belarriekin ikustera. Bertsoa herria ere bai baita, azken batean. Eta euskaraz denez gero, Euskal Herria ere bada.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak