LARREPETIT

Zorionak II

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko urtarrilak 3
Hego Euskal Herrian oraindik Hiru Errege Magoen etorrera falta baldin bada ere, Eguberriak Euskal Herriaren zati batentzat bukatuak diren honetan, ezin gogoetarik egin gabe utzi egun hauek dakarten ustezko zorionaz, edo haren gabeziaz. Miren Amurizak ekarri zigun gogora zoriontsu izan eta egotearen arteko ezberdintasuna haren 2017ko azken Bira-n, bi lagunen arteko eztabaida irudikatuta. Honela azaltzen dio batek bertzeari zoriontsu izan eta egotearen arteko aldea: «Gaur zoriontsu nagoela, animalia aldakorra naizela, alegia, eta zoriontsu izatea, modu iraunkorrean, ezinezkoa dudala; lantzean behin zoriontsu egotea bai, hori posible dut».

Kontua da, zoriontsu izan edo ez, hala egoteko arrazoiak ere ez direla hain errazak izaten beti egunotan. Nork ez zuen, behin baino gehiagotan, ia beharturiko familia elkartzeetan bere burua lekuz kanpo ikusiko, ala amaigabeko eztabaida mingarrietan murgilduko bere burua. «Aurten ere berdin, ez dakit zergatik etortzen naizen afari hauetara...».

Bertze batzuek ez joatea erabakiko zuten, eta, hala, afari eta bazkari tarte horietan zer egin ezin asmaturik ikusiko zuten euren burua. Aukerarik onenean, egoera berean dagoen bertze lagun batekin afaltzeko aukera izanen zuten, eta gero parrandan urtuko zituzten bakardadeak. Badira, halaber, Eguberriak familia ez-normatibo hankamotzetan pasatu behar izanen zituztenak: haserreturikoak, banandurikoak, senideren bat hila dutenak, ala espetxean... Horren lekuko Eguberrietan presoen alde biderkatu ohi diren mobilizazioak.

Haren aitak ama jipoitu ondoren bananduriko sendi bateko semeak halaxe azaldu zidan lehengo batean: «Amarekin afaltzen dut ordutik. Aitak, ordea, bertze gainontzeko familia osoarekin». Eta halaxe izanen dira adibideak, dozenaka, ehunka, milaka.

Zoritxarren erakusle dituzuenontzat, bukatu (edo bukatzear) dira eguberriak; beraz, zorionak!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna