Mikele Landa.
LARREPETIT

Amildegia (II)

2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Joan den astean zuloan zintzilik utzi zintuztedan eta badirudi zuetariko batzuk tarte luzeago baterako hor geratzeko arriskuan zaudetela. IƱigo Mendez de Vigo hezkuntza ministroak irakasle izan nahi dutenentzako etorkizun hori proposatu baitzuen larunbatean. Kongresuan eztabaidatzen ari diren Hezkuntzarako Itun Nazionalaren baitan graduaren eta masterraren ostean, bi urte iraungo duen praktika epealdi bat txertatzeko asmoak azaldu ditu PPk. Bekaldiaren aurretik azterketa bat egitea derrigorrezkoa izanik eta haren ostean oposizioak. Horrela, karreran norbereganatutako ezagutzaz gain, irakaskuntzarako ahalmen praktikoak ere kontuan hartuko direla argudiatu du ministroak. Argudio hori aintzat hartuta, proposamenak, hein batean, egungo hezkuntza sistemari hobekuntzak ekar diezazkiokeela dirudi. Garrantzi gehiago eskuratuko bailuke edukiak transmititzeko gaitasunak irakatsi beharreko materien ezagutza hutsak baino. Konponbide honek, ordea, irakaslearen lanpostua are gehiago prekarizatzea lekarke; bi urtez soldata dezente txikiagoaren truk lan egitea, besteak beste. Azken finean, graduondoko hautaketa prozesu berri honek zaildu egingo luke irakasle bilakatzea. Faktore erabakigarriena irakaskuntzarako gaitasuna izan beharrean, lanpostua eskuratu aurreko linbo horretan luzaroan egoteko ahalmen ekonomikoa izanik; elitizatuz. Hezkuntza sailburuaren aburuz, irakasle izatera heltzeko oztopo horiek lanbidearen prestigioaren gorakadan islatuko dira. Prestigioa, ordea, ez litzateke eskuratzeko zailtasunarekiko proportzionala izan behar, betebeharraren balio eta garrantziarekikoa baizik. Hasieran aipatutako helburu nagusi hori lortzeko beste bide bat litzateke irakaskuntzarako formakuntza osoa birplanteatzea, errotik trukatuz egun materia eta edukien ezagutzak pedagogiaren gainetik duen garrantzia. Baina horrek lanketa sakona eta inbertsio ekonomiko garrantzitsua eskatuko lituzke eta hezkuntzan dirua jartzea ez dator antza Espainiar estatuarekin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.