Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Urteak

2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Denbora dosietan banatzeko joera dugu: urte batek hamabi hilabete, hilabete batek lau aste, aste batek zazpi egun. Eta horrela, zenbatezinak diren gauzak zenbatzen ditugu. Badira segundo batzuk bizitza guztia irauten dutenak, eta badira urteak ordubete irauten dutenak. Baina urtea gauza bat da gure buruan, eta segundoa beste bat. Gure egutegi hain arrazional horretan abenduaren 31n amaituko da urtea, baina naturan ez da ezer gertatuko: abenduaren hogeita bataren buelta horretan egin zuen lurrak ziklo aldaketa. Guri bost, ordea; beste erritmo batean bizi gara.

Garai batean zikloka neurtzen zuten denbora. Ameriketan badira 52 urteko zikloak zenbatzen zituzten zibilizazioak, adibidez. Gero, ziklo horietako bik ziklo handiagoa osatzen zuten, eta horrela, borobil txikitik handira, zabaldu eta ixten ziren aroetan zenbatzen zuten denbora. Stonehenge, zirkulua osatuz kokatutako harri megalitikoek osatzen dute, eta Durangoko merindadeko jaun eta andreak elkartzen ziren hamabi harriak borobilean daude Gerediagan. Orain udaberria deitzen diogun aroko lehen ilargi betearekin hasten zen urtea duela ez horrenbeste mende, eta amaitu ere, orduantxe amaitzen zen aurreko urtea.

Estresak eta antsietateak jota gaudenean zikloak ixten asmatzeko formulak saltzen dizkiogu elkarri garai modernootan. Borobilak itxi ahala berriak zabalduz egiten dugu bizitzan aurrera, edo horren inguruko aholkuak kontsumitzen ditugu norabidea galdu antzean gabiltzanean. Kontua da, borobilak borobil eta bizitzak bizitza, urteak lerroan kontatzen ditugun garaiotan, inkoherente samarra ematen duela bizitza zikloka antolatzeak. Lerro zuzena erosoa da pasieran ibiltzeko, baina bizitzak behar du borobiletik: besterik ez bada, aldapa behera kontrola galtzeko. Egutegiaren mutur biak hartu eta korapiloak osatu beharko ditugu gauzak borobiltzeko; ezin ziren joandako horrenbeste belaunaldi erratuta egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.