LARREPETIT
Paralisi emozionala (II)
Paralisi emozionalak jotako herri batean bizi naiz. Futbol partida baten ostean, lagunekin parrandan zebilen mutil bat hil zuen poliziak duela ez hainbeste urte. Instituzioek, agintari politikoek eta sistema judizialak beste aldera begiratu zuten. Gurasoak bueltaka ari dira oraindik, baina semearen hilketaren kasua artxibatu egin nahi diete epaiketarik egin orduko. Ordea, gurasoen eta egiaren alde saiatu zirenak epaitu egin dituzte. Kazetari bi eta abokatu bat eseri dituzte akusatuen aulkian. Irteerarik gabeko kale batean kargatzeko agindu zuen ertzain buruak, eta agindua bete zutenek gaztea hil egin zuten. Agindua grabatuta dago, baina hura argitaratu izanak bizitza izorratu dio ertzain buruari. Paralisi emozionalak jota ez bageunde, pentsatuko nukeen, bere kontzientzia dela bizitza izorratu diona eta norbait behar izan duela errua botatzeko. Baina ez, beste gauza askoren moduan hori ere erabaki politikoa izango da: nor eta zergatik salatu, nor eta noiz karguz aldatu, zergatik eta nori igo soldata. Eta ez da ezer gertatzen. Beste batzuei ere egin digute min, esango du batek. Begira zuri zer egin zizuten besteak. Hark ere bizitza gogorra izan du azpimarratuko du zenbaitek. Arnasa hartu, eta ekuazio posible guztiak lotzeari ekin diot: nik min egin dizut, zuk min egin didazu, hark min egin dit, nik min egin diot, egin dizuegu, egin diozu, egin diguzu, egin die, egin dizue, egin digute... eta horrela infinitura arte. Baina hain zaila ote da bestearen lekuan jartzea? Botoa ematen diogun alderdiak erabakiko ote du noiz onartu behar dugun elkarren mina? Gurasoak ikusteko milaka kilometro egin behar dituzten umeen errealitateak ere ez die ardura askori. Telebista programa bat salatu berri dute horretaz hitz egiteagatik. Paralisi emozionalak jota gaude. Ez da bakarrik guk ez dugula bestearen lekuan jarri nahi: ez dugu onartu nahi inork guk gaizki egin ditugun gauzek eragindako mina ikus dezan ere.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.