Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Patioan

2018ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Jakinduria ez da liburu potoloetan irakurtzen ditugun gauzetan bakarrik dagoen zerbait. Eta telebistatik kanpo ere, jendeak pentsatzen jarraitzen du. Hori deskubritu dut iloben aitzakian eskolako patioan eman ditudan orduetan. Gurasoak, aitona-amonak, izebak, bestelako ahaideak eta umezainak batzen gara halakoetan.

Noiztik nora hainbeste zorri? Esan du batek. Ez omen du halakorik inoiz ikusi, eta urte batzuk baditu. Gerra ostean ere ez omen ziren hainbeste egongo. Urtean hiru edo lau aldiz etortzen omen zaie iloba burua bisitariz beteta. Berak ezin ei du ulertu. Lehen, ez dakit nik duela zenbat urte, beretzat lehen, garai bat izaten omen zuten zorriek, eta gero, urte guztirako desagertzen omen ziren. Orain, ordea, beti ei daude hor nonbait, burura salto egiteko prest. Ezkerreko bandatik etorri zaio erantzuna: farmazietako langileek botatzen omen dituzte eskoletako patioetan. Dirutza irabazten ei dute enpresa farmazeutikoek halako piztiak hiltzeko produktuekin: xaboiak, lozioak, perfumeak... hori guztia oso garestia dela diote. Nik buruarekin baietz esaten dut etengabe, baina ez dakit zenbat balio duten halakoek.

Tarte batean pentsatu dut enpresa farmazeutikoen interes ekonomikoen eta boterearen gaia ateratzea. Baietz esatea, zorriekin ez dakidala, baina baratzerako botikekin halakoak egiten dituztela kontatzea: plagak sortu eta gero haiek eteteko botikak saldu. Baina segituan ohartu naiz haien modura, horixe esaten ari direla. Pentsamendu kritikorik ez dagoela esaten duten mundu honetan, eguneroko adibiderik sinpleenetan ere, botere ekonomikoa eta manipulazioa ikusteko gai den jende asko dago, zorionez. Eskoletan zorriak botatzen omen dituzten farmazeutikoen kontra, lozioak utzi eta lehenagoko moduan ozpina eta orrazia baino erabiltzen ez dituen jendea badago.

Pozik egin dut etxerako bidea. Adibide inuzentea dirudi, baina oraindik esperantza badago. Ez gaude guztiz alienatuta, ez horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.