LARREPETIT

Mikel, Amaia, Daniela

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko maiatzak 2
Deliveroo enpresarentzat lan egiten du Mikelek. Baina, izatez, autonomoa dela diote: berak erosi zuen hiriaren alde batetik bestera paketetxoak eramateko erabiltzen duen bizikleta, Gizarte Segurantzan bere kabuz eman zuen izena, eta gaixorik badago edo oporretara joan nahi badu, bere sakelatik atera behar izaten du dirua, baldin eta gelditzen bazaio. Enpresak markatzen dizkio denborak, ordea. Aplikazio baten bitartez esaten dio noiz, nondik eta nora joan behar duen lan egitera. Eta zenbat irabaziko duen egiten duen bidaia bakoitzeko.

Amaiak matematiketako klase partikularrak ematen ditu astean hirutan, ezagun batzuen etxean. Bere kabuz ikasi zuen klaseak prestatzen, eta autobusean joan ohi da ikasleen etxeetara, gurasoek markaturiko ordu eta prezioan. Sarri, bezperan edo ordu batzuk lehenago esaten diote aste honetan ez etortzeko, ez dutela beharrezkoa. Eta ordu hori kobratu gabe gelditzen da, baina ez du uste kexa daitekeenik.

Gizon zahar bat zaintzen aritzen da Daniela, ia 24 ordu egunean. Arratsaldean etxetik ateratzen uzten diote tarteka, herrian paseo bat emateko, eta bera bezala atzerritik etorritako emakumeekin kafe bat hartzeko, suertatzen bada. Beltzean ordaintzen diote, eta lan egiten duen leku berean bizi da, ez oso gustura. Izan ere, zaintzen duen agureak proposamen lizunak egiten dizkio tarteka. Baina ez dio inori kontatu, haren umeei dirua bidaltzen jarraitu nahi duelako.

Mikelek, Amaiak eta Danielak ez daukate buzo urdinik, ezta beltzez zikinduriko eskurik ere egunaren bukaeran. Ez dute eskubiderik auzitegietan salatzeko, ez gizarte babesik ere injustizien aurrean. Baina zu eta ni bezala, langileak dira. Eta zu eta ni bezala, prekarioak; gazte, emakume eta etorkin izateagatik. Atzo agian kalera atera ezin izan zirenak, guk bezala, aukerarik edo garrantzirik ikusi ez zutelako. Sinistu dezagun merezi duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna