Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Zubiak

2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Sortzez garbiaren eguna da gaur. Hego Euskal Herrian, jai eguna. Ez diogu geure buruari galdetuko akaso, baina badakizue sekula larrutan egin gabe ama izan zen emakume haren ernaltzea ospatzen dutela gaur fededunek. Sekula larrutan egin gabeko emakume haren umea da sortzez garbia. Beste guztiok zikinkerien ondorio gara, nonbait. Eta garbi jaio denik bada, lasai: bizitzak majo zikinduko du edadearekin. Izan ere, mundu honetan iraun nahi duenak inoiz muturra, inoiz eskuak, zikindu egin beharko ditu. Bestela, garbi iraungo du akaso, baina bizirik ez.

Edozelan ere, gaur egun zentzu handirik ez duen arren, ez daukagu inolako arazorik sortzez garbiaren egunean jai egiteko. Zubiak behar ditugu eskiatzera joateko, Landetara ihes egiteko, edo Europako hiribururen batean erosketak egiteko. Espainiako Konstituzioaren egunean lanera joan ziren askok ere, lasai hartuko zuten jai gaur. Lege arrotzei intsumisioa egitearren, abenduaren seian lanera joatea normala iruditzen zaigu, baina normaltasun berdinarekin onartzen dugu gaur ez joatea.

Poztekoa da Espainiako Konstituzioaren egunean Udalak irekitzen direla ikustea. Harro egoteko modukoa da, epaitegietako abisuak abisu, udalbatzak bere erabakia mantentzen duela ikustea. Kontua da sendotasun hori ez daukagula jai egun laikoak eskatzeko orduan. Guk nahi gabe ari gara eliza katolikoaren zenbait gezurri hauspoa ematen: txori baten eta Mariaren arteko maitasun harremana ospatzen dugu, ume hori hil zuteneko ospakizunetan ere jai izaten dugu...

Menpekotasun geografikotik harantzago, badira menpekotasunak. Herri librea nahi badugu, erlijioetatik libre beharko dugu, eta horretarako, gaur bertan hasi behar genuke egutegi laikoa lantzen. Badakit ez dela erraza, baina gorriz markatzeko egunak badaude, martxoaren zortzia kasu. Kontua da geuk eman behar diegula egun batzuei garrantzia eta besteei kendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.