Mikele Landa.
LARREPETIT

Jacquelline

2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Madrileko Thyssen Bornemisza museoan egunotan ikusgai dagoen erakusketa tenporalak Henri de Toulouse Lautrec (1864-1901) eta Pablo Picasso (1881-1973) margolariak aurrez aurre paratu ditu. Beraien artelanek, aretoko hormetan zehar, sortzaileen artean sekula gertatu gabeko elkarrizketa irudikatzen dute. Picasso Lautrecen lorratzei segika murgildu zen Pariseko kabaret eta behe-auzoetan barrena eta bertan aurkitu zituzten biek pinturetarako protagonistak. Erakusketa 117 piezak osatzen dute eta guztira sei sortzaileren lanak daude ikusgai. Bi izen nagusien obrak, Paul Sescau eta Edward Quinn-ek ateratako sei argazkik eta René eta Jacquelline Dürrbach-ek Picassoren gidaritzapean jositako tapiz batek lagunduta ageri dira.

Esposiziora sartu aurretik mihiseetan emakume andana ikusiko nituela banekien; ordea, halabeharrezko poztasun-harridurak kolpatu ninduen Jacquelline de La Baume Dürbach-en izen-abizenak Les Demoiselles d'Avignon artelanaren ondoan aurkitzeak, bere senarrarekin eta Picassorekin elkarbanatu behar izan badu ere hormako karratutxo zuria.

Jakin-minak jota, kostata atera diot Interneti XX. mendeko tapiz jostunik apartenetarikoari buruzko informazioa. 1920. urtean jaio zen eta gaztetatik bere josteko ahalmena sormenarekin eta artearekin uztartu zituen. Bere diseinuak ehuneratzeaz gain, Léger eta Delaunay-ren margolanen egokitzapenak eginak zituen Pablo Picasso ezagutu orduko. Malagako pintoreak, La Baume-ren dohaina ikusi bezain laster, elkarlanean aritzeko proposamena egin zion. 1954an gauzatutako Les Arlequins koadroaren tapiz moldaketa izan zen etortzeke zirenen aitzindaria.

Alabaina, Jacquelline de La Baumeren izena Gernika-rekin lotu izan da bereziki; 1955ean Nelson Rockefellerren enkargu bati erantzunez Picassok artelana lehen aldiz tamaina errealeko tapiz batera eraman zezan eskatu zionetik. Guztira hiru erreprodukzio egin zituen eta horietariko bat Euskal Herrian egon zen, 2007an, Bilboko Euskal Museoan, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.