Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Espazioa

2018ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Mila biztanle pasako herri bat. Karaokea frontoian. Bazter batean mikro bi, eta bazter horren bazter batean euren txandaren zain dantzan ari den taldea. Neskak denak: mutil bakarra salbu. Ez daukate nahi beste leku, baina moldatzen dira telebistari begira ikasitako pausoak egiteko. Bazter horretatik gelditzen den leku guztian mutilak futbolean, luze eta zabal. Korrika hara eta korrika hona. Metro batek zenbat neurtzen duen kalkula dezakeen edonork esango luke espazioa ez dagoela ondo banatuta, baina jendea lasai dago, gertatzen ari den guztia espazio proportzionaletan gertatuko balitz bezala.

Baloia iritsi da dantzan ari direnengana. Hara berriro baloirik ez botatzeko esan die norbaitek bila etorri direnei. «Lasai», esan dio guraso batek, «umeak dira». Bistan da baloia bazter horretara ez botatzeko eskatu duena haserre dagoela. Oso haserre: «Umeak dira, bai, baina hemen dantzan ari direnak futbol partidaren erdian sartuko balira zer?».Ez diote erantzun, eurenean jarraitu dute.

Espazioak gaizki banatuta egoten jarraitu du, eta baloia berriro ere iritsi da dantzan ari zirenengana. Eta guztiak begiratu diote haserre dagoenari, eta azalpenak emateko beharra sentitu du: orain ez badute zentralitatea zer den ikasten, neska hauek inoiz ez dira seguru egongo kargu inportanteak hartzeko. Ez badiegu erdian lasai egoten irakasten, beti moldatuko dira bazterretan ematen zaien lekuarekin. Baina inori ez dio inporta esaten ari denak: nork daki mutil hauek kargu garrantzitsurik izango duten inoiz?, neskak ere ibiltzen dira futbolean, espazioa jolasaren arabera banatzen da, ondo daude hor...

Halaxe amaitu da eguna, azkenean: mutilek espazioaren hiru laurden erabili dituzte euren jolasetarako, neskek laurden bat. Eta horrela ikasi dute ume-umetatik gauza garrantzitsuak zeintzuk diren, eta bigarren mailako parte hartzaileak nortzuk diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.