Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zenbat gara?

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Joxean Sagastizabalek Kutsidazu bidea, Ixabel arrakastatsuaren ostean Gerturik daukagu odola (Pamiela, 1999)idatzi zuen. Banpiro euskaldunaren gorabeherekin barre eta erdi egin nuen. Protagonistaren haginkada bakarra nahikoa zen jasotzailea euskalduntzeko. Euskara ikasten ari den asko seguruen prest legoke horretarako. Siadecok eta Elkarrek euskaraz egindako liburu eta diskoen gaineko kontsumoaren galdeketa egin dute. Inkesta guztiek sortzen didaten zuhurtzia alboratuta, arduratuta utzi naute emaitzek. Sortzaileak ezkortasunerantz ez amiltzeko desioa agertu zuen Andoni Egañak egunkari honetako zutabe batean; izan ere, datuok ikusita zaila da trokaren ertzetik urruntzea. Asier Sarasuak, berriz, gezur baten gainean bizi garela zioen (milioi bat garela) sare sozial batean, eta 200.000 garela onartzeak datuok beste begirada batekin irakurtzera eramango gintuela. Sare horretan bertan Xabier Mendiguren Elizegik bestelakoak idatzi zituen: «Uste dut egiazko datuak okerragoak direla; inkestetan norbere irudia hobetu nahi (in)kontziente bat nagusitu ohi da».

Zertarako sortu? Zertarako hainbeste energia gure aberkide gehienei ez bazaie interesatzen (euskarazko ohiko irakurleak, %6 )? Ezkorrak ala baikorrak izan behar gara? Sortzeak ezertarako balio du? Zertan egin dugu kale? Posible ote metro karratu berean etsipena eta indiferentzia elkarrekin topatzea? Eta auto jipoitzearen goritasunean: Simulakroa ote gara? Islandian, non gazteak hizkuntzari muzin egiten hasi diren, horrelako buruhausterik dute ala soilik gure-geurea den arazoa ote? Euskara ikastea ez da nahikoa euskaldun izatea nahikoa ez den bezala. Silvio Rodriguez abesten ikusten ari naiz, orkestatzarraren aurrean, bakarrik, mikrofonoari kantuka: qué duro estodo lo que yo digo/ qué suave es todo lo que sueño... (Zein gogor esaten ari naizen dena/ zein samur amestu egiten dudana).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.