Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Informatika ikasteko moduak

2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Akorduan gelditu zait jaso nuen lehen informatika klasea. Ez dut irakaslearen izena gogoratzen; bai, berriz, bere bizitzako lehen ikasleak izan ginela. Egun urrun hartan burusoiltasunari izerdiak ematen zion distiraz gogoratzen naiz. Zero eta bat hamaika konbinazioz bete zuen arbela bikoitza. Ez genuen ezertxo ere ulertu. Arbela ezabatu eta berriz ere idatzi zuen. Zero, bat, bat, zero, zero, bat... Lauzpabost biderrez ezabatu zuen arbela. Desesperatzeko modukoa izan zen, berarentzat eta guretzat ere bai. Ez dakit irakasle izaten jarraituko ote duen.

Richard Appiah Akoto Ghanako irakaslea da. ICT (Informazio eta komunikazioaren teknologia) ikasgaia ematen du Kumasi hiritik pare bat ordura dagoen Sekyedomase herrian. Informatika irakatsi behar du, baina ez du konputagailurik (guk ere ez genuen), eta zer egiten du? Arbelean marraztu word interface bat, ikasleei konputagailua zer ote den azaltzeko. Ezina ekinez egina. Richard Appiah Akoto irakasleak konputagailua marrazten du arbelean klasera sartzen denero zerorrek ordenagailua piztu egiten duzun abiadura beretsuan. Ikasleek adi-adi jarraitzen dute klasea. Ghanan ICT irakastea oso atsegina dela esaten du sare sozialetan Akotok. Tamalez, ironia ez da idatzizkoan harrapatzen eta ez dakit benetan ari ote den. Ikasleei informatika ezagutzak eskatzen zaizkio, baina 2011tik ez da ordenagailurik eskolan. Mundua, maiz, zoragarria bezain inkoherentea da. Sare sozialetan jarritakoa argiaren abiaduran barreiatu da handik eta hemendik. Irakurri zutenetako batek, Rebecca Enonching-ek, Akoto irakaslearen mezua ikusi eta Microsoft etxera mezua bidali zuen: «Kaixo, Microsoft-Afrika. MS Word arbel batean irakasten ari da. Ziur baduzuela, izan, azpiegiturarik honetarako». Microsoft-ek ordenagailua agindu du. A posteriori garaiak eta mundua salbatzeko beharra. Horrela bizi gara. Osterantzekoa, aldiz, Minority Report izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.