Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Errepublikaren selekzioa

2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hamaika hilabete luze lehenago hasi zen 36ko gerra Iruñean. 1937ko ekainaren 16a zen eta Euskal Herriko futbolarien selekzio bat Moskura iritsi zen. Belorusski geltokiaren pareko geltokian jendetza zegoen. Loreekin eta ongietorri oihuekin jaso zituzten. Sobietarrentzat euskal selekzio hura Errepublikaren aldeko heroiez osatua zegoen. Espainiako Nazionalen prentsaren arabera, Isidro Langara edota Jose Iraragorri gerran hil ziren: arrats hartan Moskun zeuden, ordea.

Miresmen hura ez zen soilik politikoa, Mario Alessandro Curlettok azaltzen duenez (Fútbol y poder en la URSS de Stalin, Altamarea 2017), haiena inoiz SESBen jokatzen aritu zen atzerriko talderik nabarmenena izan zen. Garai hartan SESBi ez zioten nazioarteko txapelketetan parte hartzen uzten (hala izan zen 1952ko Helsinkiko Olinpiar Jokoetara arte).

Euskal selekzio hura Europako bira bat egiten ari zen. Mendean hartu zuen Marseillako Olympique 5-2 eta Parisko Racing 3-0. Selekzio hartako hiru euskal herritar munduko hamaika onenen artean aipatu zituzten 1934ko Italiako mundialean.

Lehenengo partida, Moskuko Lokomotiven aurka jokatu zuten: euskal herritarrek 5-2 irabazi zuten. Dinamo «talde solidoagoa zen» (SESBeko NKVD zerbitzu sekretuak bezala, Felix Dzerzinsky poloniarrak sortu zuen), eta 2-1 irabazi zuten euskal herritarrek. Leningradoko selekzioak berdinketa erdietsi zuen.

Sobietarrentzat burkideak ziren euskaldun haiek, baina Kiev, Tiflis eta Minskeko porrotekin sobietar futbola ez zen irudi ona ematen ari. Txapelketari bi partidu gehitu zizkioten halako batean, Dinamok itzulerakoa irabaziko zuelakoan. Baina euskal selekzioak 7-4 irabazi zuen. Spartak zen itxaropena. Langileek sortutako klub hura, Komosomoleko gazteek babesten zutena. Uztailaren 8an, 90.000 lagunen aurrean. 6-2 irabazi zuten Spartakekoek, baina baloiaren atzetik, hegazkin naziek birrindu berri zituzten lurretako euzkotarrak errepublika bat ziren hogeita bi zangoren gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.