Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Gozo denden alde

2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Hilaren amaieran, Lizarrako La Mallorquina gozodenda mitikoa itxiko dute. Torres gozotegiarekin gozo denda bakarra geldituko da hirian. Datorren astean, 1977an ateak zabaldu zituen Iruñeko San Gregorio karrikako Auzolan liburu denda itxiko dute. Duela urte batzuk itxi zuten Gasteizko San Frantzisko karrikako Amaya pasteldegia, esango nuke Hegoaldeko esne gain opil gozoenak egiten zituztela. Garai berean, gutxi gorabehera, Sanduzelai auzoan labeak dituen Koppo-k bere zabalguneko denda itxi eta jatorrizko saltokiarekin soilik geratu zen.

Gure inguruan gertatzen ari diren astakeria sozial eta judizialekin, agian norbaitek pentsa dezake gaur gozogintza artisauaz pentsatzea fribolitate bat dela. Bada, ez. Uste dut ohitzen ari garela geure hirien suntsiketetara jendea bonbardaketetara ohitzen den bezala. Alfred Döblinek ohar bat idatzi zuen 1945 amaieran Alemania hego-mendebaldean esanaz jendea kaletik ibiltzen zela hondakinen artean «ezer gertatu ez balitz bezala... hiria beti halakoa izan balitz bezala ibiltzen zen jendea». Katastrofearen ostean, biziraun zutenen kontzientziek harritzeko gaitasunik izango ez balute bezala.

Baina ez, gozo dendak ez dira kapritxo bat. Eta horregatik, gaur eguerdian, Oviedoko karriketan L'asturianu llingua oicial ¡agora! aldarrikatuko duten honetan burua Diego Verdún turroi dendara joan zait, eta Camilo de Blas gozotegira mende bateko dekorazio ederra duen dendarekin, La Mallorquina ezaguna eta parean duen Peñalba. Mereziko duen bizitza ez dagoelako frankiziek irentsitako hirietan eta Internet bidezko munstroen dendetan. EdnaSt. Vincent Millay poetak idatzi zuen bezala, «Maitasuna ez da dena: ez da jatekoa ezta edatekoa ere, [...] maitasunak ezin ditu birikak airez bete, ezta odola garbitu, ezta hezur hautsia berriz lotu». Horretarako guztirako: gozo dendak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.