Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Atomizatu

2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Etorkizunean, non ez garen egongo, ez dakigu zein euskara hitz egingo den. Ez dakigu euskararik hitz egingo ote den ere. Jakin ere, ez dakigu hitz egingo den. Iraganean, non ez ginen egon (batzuk), zalantza berberak izan ote zituzten?50 urte bete ditu aurton euskara batuak. Ezin bete, baina, patxadaz; izan ere, zer euskaldun ginateke iskanbilarik edota zelanbaiteko zatiketatxurik eragingo ez bagenu? Guk sortutakoak dira euskararen liskarrak. Guk, milioika hiztun garela pentsatzen dugun geronek. Eternitatean sinesten dugun guk geuk. Atomizazioa maite dugu. Txikizioa esango du norbaitek, baina utz iezadazu atomizazio hitzaren sosegua. Hizkuntza orok elkar komunikazioa izan behar du ardatz; gureak ere bai.

Ondo legoke, egon, behingoz eta gure zatikatze tradizioari traizio eginez txotxolokeriak baztertu, zarata alboratu, eta batueraren beharra kolokan jarriko ez bagenu. Euskalkien beharra ere kolokan jarriko ez bagenu. Eta onartuko bagenio geure buruari elkarrekin bizi daitezkeela, eta badagoela denontzat lekurik. Eta behar dugula, beste hizkuntzek behar izan zuten legez, batasun bat. Eta agian hura ez zela perfektua izan; beharbada izan zela izan zitekeen onena. Eta hobetu litekeela. Aberastu. Eta 50 urte barru, orain darabiltzagun txepelkeria hauek denak ez direla existituko, bestelakoak existituko direlako. Batua eta bantua, zein hurbil bata bestearengandik. Edozelan ere, ospa dezagun hona arte heldu garela, gehiago garela, eta gurutza ditzagun eskuak ekinean jarraitzen dugun bitartean. Berrogeita hamar urte beteko dituen urtean, euskara batu (gutxienez): tropikal, musikal, zehatz, samur, eskuzabal, punkie, tolerante, sortzaile, feminista, erakargarri, integratzaile, ausart, bihurri, poetiko, errespetuzko, erotiko, zorrotz, berritzaile eta parranda-zalea nahi nuke nik. Horixe gura nieke ondorengoei utzi, eta hortik gora, eurek erabakiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.