maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ez adiorik

2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Askotariko irakurketak entzun eta irakurri ditugu egunotan ETAren amaierari buruz. Sufrimendua bukatu dela esan dute batzuek; beste batzuek, gatazkak berdin segitzen duela. Euskal nazio askapen mugimenduaren porrota ikusiko zuten batzuek; beste batzuek, herri hau demokratikoki eraikitzeko aukera. Irakurketak irakurketa, eta bakoitzaren ertz batekin ados egonda ere, nik uste guztion gogoan geldituko dela erakunde armatuaren azken komunikatuak berak iragarritakoa: «ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da». Buelta batzuk emango zizkieten eztabaidan parte hartu duten 3.000 garunei dokumentuaren bukaeran hitz errenkada ez-xalo hori izkiriatu baino lehen.

Ez dakit urtze horren ondorio ala lehengo borrokaren jarraipen izan den, baina asteburu honetan bertan ikusi ahal izan dugu mugimendurik Euskal Herrian. Lehena, Kanboko ekitaldi instituzionala bukatu eta ordu gutxira, Lapurdiko hiriburuan: 7.000 haur, gazte eta heldu Baionako karriketan, Seaskarentzat irakasle postuak eskatzeko ez ezik, euskararentzat errespetua eta aitortza galdeginez ere. Frantziak behin betiko utz diezaion Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako euskaldunoi aurpegira irri egiteari.

Eta bigarren seinalea, igandean berean. Parte hartzea agian guztietan nahi bezain ona ez izan arren, herri galdeketen olatuak ez baitu etenik: egin dituzte Portugaleten, Gordexolan, Legasan, Laudion, Zigoitian, Arakaldon, Lezaunen... Egia esateko, horietako herri batzuk ezagutu ere egiten ez nituenak, eta zeinetan galdeketarik eginen zela duela urte batzuk irudikatu ere eginen ez genukeen.

Heldu diren asteburuak ere beteak datozkigu euskal udaberrira: giza armarri eta kateak, alternatiben herriak, indar erakustaldi feministak... Bakoitzak eginen ditu bere irakurketak: ETAri esker, ala ETArik ezari esker den. Argi dagoena da ETArekin edo ETArik gabe, herri hau martxan dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.