Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

O'Farrelen errepublika

2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Elisabeth O'Farrell ez zegoen etorkizun urrunari begira zapi zuriarekin atera zenean tropa ingelesen aurrera. Padraigh Pearse zeraman aldamenean erizainak, eta Dublinen euria egiten zuenetik, auskalo zenbatgarren iraultza zen porrot egiten zuena.

Geroagarrenean, britaniar koroatik manumiturik Irlandako Errepublika aldarrikatu zelarik, aita-aberrikoen aldarea osatu behar izan zen. Ezin bestela, 1916ko martiriak igo zituzten aurrena, Pearse buru. Buruzagi argi, olerkari garbi, nekez Irlanda katolikoren mendeetako sufrimenduaren irudi egokiagorik Lauaxetaren trasunto hura baino.

O'Farrellek, matxinadan su eta herio parte hartuagatik, zail zuen. Batetik, ez zuten afusilatu; bestetik, emakumea zen, hain emakume non Moore kaleko errendizio argazkian aberrigintzaren eskuetakoren batek hutsarekin berdindu zuen, Pearsen irudiak itzalik izan ez zezan gerora.

1957an hil zenean, Glesnavin-eko kanposantuan eman zioten lur O'Farrelli. Handik luzera, bikotekide izan zuen Julia Grenan ondoan ehortzi ziotenean, gizarte baten argazki ezin hobea den epitafioa ezarri zitzaion hilobiari: adiskide leial, bizitzan lagun.

Jane Clark poetak atoan ikusi zuen: Hitzok zizelkaturik aurkitzean,/ gordin, granitozko hilarrian,/ adiskide leial, bizitzan lagun,/ amona datorkit gogora/ esaten, gure garaian ez zegoen/ halakorik. Ai, galdetzerik banie/ Julia eta Elizabeth leialei/ esker oneko ote dauden hilobia/ partekatzen utzi zitzaielako,/ eurak aukeratu ote zituzten hitzok/ lotsakizunetik salbatzeko,/ norbait izan ote zuten esateko/ hitzek hainbeste zioten arren,/ ez ziotela aski; ai, galdetzerik banie iraultzako/ zaurituak zaintzen ari zirela/ ea jarri ote zuten zalantzan/ estatu(berri)aren balioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.