maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Bakarrik ez egoteko

2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Eremu oso erdaldunetan euskaraz bizi nahi izaten dugunok badakigu zer den haizearen kontra borrokan ibiltzea. Okindegi batera joan, eta «bi ogi otoi» ahalik eta argien ahoskatu zein ogiak berak hatzez seinalatu arren, «comment?» bat jaso eta pazientzia osoz berriro «deux baguettes s'il vous plait» erantzutea, irribarrez. Euskara zer den baldin badaki, barkamenak eskatuko dizkizu okinak onenean, edota purrustada bat botako hark hizkuntza hori ez dakiela esanez.

Beste batzuetan euskaraz entzun eta gazteleraz erantzungo dizute, bereziki Hego Euskal Herrian nagusiago den r-a egiten baduzu, haren gaztelera frantses tonu handikoa baldin bada ere. Eta gaizki sentituko zara, eta frantses garbian erantzungo diozu berriro. Hurrengoan, agian zuzenean, ez zara saiatuko. Zaila baita haizearen kontra joatea, eta bakardade handia sentitzen baita egun batean bai eta hurrengoan ere bai horrelako egoerak bizita.

Horri aurre egiteko dinamika polita abiatu dute aste honetan Baionan, Angelun eta Miarritzen, hizkuntz egoerari zaplazteko bat emateko asmoz: BAM! Euskal Herriko beste herri batzuetan egin duten gisan, ahobizi eta belarriprestek euskararen erabilera sustatzea izango dute helburu, jarrerak aldatuta.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 9.000 euskal hiztun leudeke hiru herriek osatzen duten metropolian, eta euskaraz ulertzen duten 15.000. Baionan bizi nintzenean sentitzen nuen euskal bakardadea kontuan hartuta, erraldoiak iruditu zaizkit zifrak. Eta horiek aintzat hartuta eta dinamikarekin, espero dezagun ahaldunduta euskalakariago izango direla euskaraz dakiten eta ulertzen duten horiek.

Ikusiko dugu fruituak ematen dituen, baina paisaia erdaldunari aurre egiteko kolektibotasun bat emango du behintzat aste osoko jardunak. Edota, gutxienez, Berri Txarrak-en hitzak mailegatu eta eraldatuta, bakarrik (ez) egoteko modu berri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.