maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ura

2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Igandeko BERRIAk sakon eta zabal gogorarazi zigunez, urtea bete du jada Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko Euskal Elkargoak. Interesez irakurri nituen erreportajeak, baina, oro har, kosta egin zait instituzioak egindako ekarpenaz sintesi bat ateratzea. Egia da, bai, urte bat oso gutxi dela, eta elkargoa bera martxan jartzea erronka itzela izan dela. Ez dut irudikatu nahi ere egin behar izanen zuten burokrazia guzia.

Ez dut erran nahi hutsala izan denik. Baina kezka sortzen didate balorazio positiboegiek. Uraren eta saneamenduaren eskumena eskuratu zuenean, adibidez, nonahi ikusi eta entzun nituen albisteak. Eta agian garrantzitsua izanen da uraren kudeaketa, baina, bat-batean eta politikoki, ez diot interes berezirik kausitzen nik. Bertze eskumenek ere, izen garrantzitsuagoak izanagatik, papurrak baino ez dizkiote utzi elkargoari. Eta erran beharrik ez dago: Frantziaren barnean dagoen bitartean ez ditu sekula izanen Hezkuntza, Osasuna, Lana, Finantzak edota Justizia bezalako eskumen inportanteak. Eta ez dago anitz jakin beharrik horiek guztiak herri batentzat funtsezkoak direla konturatzeko.

Aurrekontuak ere badu nondik begiratu: 294 milioi eurokoa izanen da, alegia, Eusko Jaurlaritzarena baino 39 aldiz txikiagoa eta Nafarroako Gobernuarena baino 13 edo 14 aldiz txikiagoa. Eta kontuan hartu instituzio horiek ere muga handiak dituztela Espainiaren barnean.

Egia da, Eguzki Urteagak erran bezala, guzia ez dela eskumen kontua. Ez dut ukatzen, adibidez, Jean Rene Etxegarai presidentearen papera inportantea izan ez denik ETAren armagabetzean eta presoen aferan. Balio sinbolikoa ere badu instituzio propioa izateak, eta elkarlanerako aukerak. Baina kezkatzen nau pronostikoak: 2020rako eskumen gehiago lortzea da asmoa, baita sufragio unibertsala ere. Independentzia nahiko genukeenok zerbait gehiago nahi izan beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.