Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Eskandalua

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Jendea haserre dago. Barruan duen ernegaldiak askatzea behar du, eta sarri, biderik ezustekoenak hartu ohi ditu. Jendea irak bizi du, baina ez du ondo apuntatzen. Eta pentsatzen jarrita, zelan ez da haserre egongo? Egunerokoak arrazoi nahikoa ematen baitu norberaren barrua libratzeko. Zarata asko dago, distortsio gehiegi; eta noraezak jota gaude. Ez dakigu nora bideratu gure amorrua. Espainiako Kongresuan Podemos-en ordezkari den Irene Monterok berba bat asmatu du: portavoza (bozeramailea esan nahi du, hitza maskulinoa da, baina emakumezko generoa markatuz esan zuen, existitzen ez den hitza sortuz). Aztoramendua izugarria izan da, eta aranotsa gurera heldu da. Inguruan erreakzio suminkorrak entzun izan ditut. Hedabideetan: editorialak, iritzi zutabeak, elkarrizketak... denetarik atera dute. Espainiarrek (eta bertoko batzuek ere bai) hizkuntzaren aldaezintasunean erakutsitako gotorkeriak paralelismoak aurki litzake osterantzeko (ez)aldaketetan. Hizkuntzak etengabe aldatzen ari diren izakiak dira. Nork pentsa zezakeen sukaldatu bezalako berba batek hain harrera ona izan zezakeenik? Egun hitza deitoratzen duten zenbatek erabiliko dute hamar urte barru?

Egun bertsuetan Espainiako presidente den Mariano Rajoyk hautsik ia harrotu ez duen zerbait aurreratu zuen (Hego Euskal Herriko biztanleengan eragina izango duena): pentsioak eta hezkuntza ordaintzeko epe luzera hiritarrek aurreztu beharko lukete. Eta beste kontu larriagoa aurreratu zuen: 2019rako pentsioek beherakada itzela izan lezakete. Iskanbila urriak pentsarazten dit jendea ados dagoela Rajoyk egingo omen duenarekin. Milaka miloi euro desagertu dira pentsio kutxatik, baina jendea lasai dago. Aztoramendua eragiten duen bakarra berba baten feminizazioa da. Beste dena hutsala da. David Harvey pentsalariak esaten zuenean populazioaren gehiengoak etorkizuna bahitua duela bazekien zer esaten ari zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.