Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Zer egin afizionatuekin

2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Stanislawski izan zen Brechtek gehien egurtu zituen artistetako bat. Biak ziren antzerkigileak, biak marxistak, biak komunistak, biek defendatu zuten SESB, biak ziren nor bere herrialdean alderdiaren magalekoa. Zen garai bat tresilloari buruz, eszenografiaz, antzezlanetako musiketako disonantziaz, publikoaren jarreraz gogoeta etengabea: kritika egiten zela.

Aurki da martxoa eta, berarekin, Brechten kaieretan Stanislawski (eta Vakhtangov eta Meyerhold) aztergai bihurtu ziren urteurrena. 1937a zen, duela 81. Politikoki hil ala bizikoa zen Txinako antzerkiaz pentsatzea. Eta afizionatuen antzerkigintzaz, noski. Brechten aburuz «antzerkiaz ikerketa serioa egin nahi duen orok erakunde handietatik kanpo geratu den antzerkiaren forma anitzak aztertu behar ditu». Alegia, «afizionatuei» begiratu behar die, «nahiz eta aktore profesionalen begietan afizionatuak eszenariora igotako publikoa izan». Bistan da, kultura eta askapena eskutik landu diren estatuetan, afizionatuek dentsitate nabarmena zutela, horretan ere SESB ikasteke dugun eredu bat da 60-80ko hamarkadako gazteen modaren eklipseak huts egin ostean.

Brechten aburuz, afizionatuen afera topikoen bidez izozten zen. Batzuen aburuz afizionatuek ez zuten maila intelektualik. Maila artistiko baxua zuten. Bestetzuen aburuz «talentu natural» handia zegoen afizionatuen artean, «ahalegin handia». Eta, demagun afizionatuen artearen maila oso baxua dela, horrek «garrantzigabea» bihurtuko luke? Brechten aburuz ez. Zeren «antzezlan txar batek, on batek bezala, eragiten du inpresio bat. Afera da ez duela inpresio on bat uzten, baina inpresio bat uzten du: txarra. Beraz 'on egiten ez badu ere ez du kalterik egiten' esaera okerra da arteari dagokionez. Arte onak sentsibilitate artistikoa sustatzen du, arte txarrak ez du kaltegabe uzten: sentsibilitatea kaltetzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.