maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Aske

2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Egunero egin ohi dudan ibilbidean hiru Patrol gurutzatu ditut gaur, berriz ere. Ez didate ikararik eman, ohituta nagoenez. Baina poztu egin naiz gurutzatu besterik ez ditudalako egin, eta ez zeudelako niri bidea oztopatzen, eguneroko ibilbideko biribilgune edo kurba ertz batean. Hala daudenean baina GAR-ren ordez Fiscal y Fronteras izendapena ikusten diedanean ere lasaitu egiten zait arnasa, kotxean deus berezi eta arriskutsurik eduki ez arren. Tentsioa baitakar Guardia Zibilak, beti. Ordezkatzen dituelako, niretzat eta beste askorentzat, tortura, atxiloketak eta okupazio militarra, besteak beste.

Lasaitasunez eta ohiko moduan gurutzatu ditut, ordea, errepidean, beste behin ere. Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok egunero funtzionarioak gurutzatuko dituzten gisan. Zer eta, besteak beste, salatzeagatik egunero gurutzatzen zituztela patrolak herrian, egunero egin ohi zuten ibilbidean.

Asteon ere izan dugu horiekin loturiko albisterik: Erronkariko hiru gazteri bi urte eta bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Nafarroako Auzitegiak, Guardia Zibilak babestuta Pirinioetako herrian «protesta» bat egitera joan ziren eskuin muturreko faxisten aurka mobilizatzeagatik. Hispania Verde zuten izena paradoxikoki Espainiaren menpeko lurraldea polizia berdez josita ere nahi duten horiek.

Ez da matematikari fina izan beharrik kalkuluak egin eta egoeraren injustizia kalkulatzeko, eta ikusteko noren kontakizunak balio duen kasu bakoitzean, eta zeinena den hutsala. Horregatik aterako gara berriro kalera, bihar ikastetxe eta herrietan, eta larunbatean Iruñean, Altsasukoak aske nahi ditugula aldarrikatzeko. Baina auzi zehatzetik harago ere, aterako gara kalera, ozen adierazteko injustiziaren ordezkari diren horiek ez ditugula egunerokoan errepidean gurutzatu nahi; guk ere aske bizi nahi dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.