Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gezurrak

2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk New Yorkeko The Metropolitan Museum of Art-eko zuzendari ohiak, Thomas Hoving-ek, zioen arte merkatuaren %40 faltsua zela. Garai bertsuan arteak izan duen faltsutzailerik handienak, Erik Beljiarra moduan ezaguna den René Alphonse van den Berghek, elkarrizketa batean aitortzen zuen bere lan zenbait daudela museo ospetsuetan. Ez zuen izenik ematen; bai aipatzen zuen, ordea, gero eta zailagoa zela margolan faltsuak benetakotzat hartzea, teknologia berriei iruzur egitea gaitza zelako. Ez zuen berdin pentsatzen Thomas Hovingek. Bere ustez, lan bat benetakoa zela erakustea bezain zaila zen faltsua antzematea, alegia, adituek ere ezin lezaketela esan (kasu batzuetan) zein den egile ezagunak egindakoa eta zein ez.

Historian zehar egon dira margolanak faltsutzea arte mailara eraman dutenak: esaterako, Vermeeren lanak egileak baino hobeto egiten zituen Van Meegeren. Hungariako Elmyr de Horyk munduko arte galeria askori saldu zizkien margolan faltsuak, diotenez milatik gora, tartean Modigliani, Picasso edo Matisseren lanak. Ezaguna da oso joan den mendean Ambroise Vollardi Van Goghen margolan batekin jazotakoa. Homeless bat agertu zitzaion aurkitutako Van Goghen margolan batekin. Etxebakoak dirua balio zezakeela pentsatzen zuen, baina Vollardek faltsua zela esan zion. Benetakoa Rothschild Baroiari saldua zion Vollardek berak. Gerora jakin zuen homelessek ekarritakoa zela benetakoa, baina Senara bota zutela faltsua zelakoan. Ipar Katalunian dagoen Elne herrian jakin berri dute Etienne Terrus artistaren museoan dauden margolan erdiak ez direla Terrusenak. Eta nik galdetzen diot neure buruari museoetan ikusten ditugun artelanetatik zenbat ote diren benetakoak. Zer da, baina, benetakoa izatea? Gezurren mundu batean ameti ezina iruditzen zaigu artearen engainua, eta etengabe ari gara emateko prest ez gauden egiaren bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.