maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Konplexuak I: independentzia

2017ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Independentzia hitzari alergia diogula esan zuen Pako Aristik Intxaurrondoko AsCATasunera astean botatako speech-ean. Ez EAJk, ez EH Bilduk, ez bestelako mugimenduk, ez dutela gehiago erabiltzen terminoa. Gogor aritu zen hitza hartzean: «Lupa batekin jardunda ere, ia ezinezkoa da gaur independentzia hitza aurkitzea Euskal Herriko edozein bazterretan».

Harekin osoki bat egiten ez dudan arren, nago hein batean arrazoia duela. Kataluniaren arrimuan azkenaldian gehiago entzuten bada ere, hainbat urtetan isilik bezala egon baita aldarria, edo hori da nire irudipena ere, behintzat. Ilegalizazio garaian gehiago ikusten ziren independentziaren aldeko kamisetak, pankartak eta aldarriak azken urteotan baino. Agian, garai gogorretan behar gehiago zegoelako aldarrikatzeko? Ez dakit. Baina, esan bezala, Kataluniari eskerrak berpiztu dira bazterrak azkenaldian. Guztiak? Tamalez, ez...

Badira oraindik sektore batzuk konplexu moduko bat sentitzen dutenak hitzarekiko, ez bada ideiarekiko berarekiko. Horietako batzuei gehiegizko urratsa irudituko zaie agian independentzia, eta jendea erakartzeko aldarri lausoago ala orokorragoetara mugatzen dira: dela erabakitzeko eskubidea, autonomia, euskal elkargoa edota burujabetza. Unai Apaolazari kasu eginen baliote, ordea, ez lukete hori erabiliko jendea batzeko. Gogoan baitut esan zuela independentziaren ideiak jende gehiago bil lezakeela erabakitzeko eskubidearenak baino.

Beste batzuek, berriz, baina-k jartzen dizkiote independentziari, askapen sozialaren lehentasunaren izenean. Independentzia bai, baina nolakoa? Eta norekin? Eta zertarako? CUPek badauka erantzuna: «Independentzia, guztia aldatzeko». Baina horrek ere ez ditu konbentzitzen, itxuraz. Agian oker egonen naiz, baina nago hitzarekiko konplexuak galdu behar ditugula, zerbait lortu nahi badugu. Konplexuak badira, eta ez beste zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.